Udako programa

Dagoeneko ongietorria eman diogu aurtengo udari Zarautzen.  Atzo aurkeztu genuen udako egitaraua, eta aurten ere musika, kultura, kirola eta kale animazioaz gozatu ahal izango dugu, ia egunero. Oso garai berezia da herriarentzat, baina ez da erraza izan egitarau-agenda osatzea, krisiak gogor astintzen jarraitzen baitu. Aurrekontua ia %40 jaitsi behar izan dugu, eta horrekin batea herriko elkarte, talde eta eragileen ahalmen ekonomikoak ere behera egin du. Gainera, babesle pribatuak lortzea oso zaila da garaiotan.

Hori dela-eta, bereziki aipatu nahiko nuke Zarauzko kultur, kirol eta aisialdi kolektiboek egin duten ahalegina. Haiengatik izango ez balitz ezinezkoa izango litzateke udan hainbeste ekitaldi izatea. Benetan eskertzekoa da herriari giroa emateko egiten duten lana, eta uste dut orain zarauztarroi dagokigula lan hori eskertzea, antolatutako ekitaldietan parte-hartuz, hain zuzen.

Arlo honetan ere, elkarlana da oraina eta etorkizuna. Zarauzko Turismo Bulegoak lankidetzan dihardu une oro herriko talde eta norbanakoekin, eta lankidetza horren emaitza da, egoera ekonomikoak jarritako sasi guztien gainetik, atzo aurkeztu genuena: egitarau txukuna, zaindutakoa, eta publiko guztietan pentsatuz prestatutakoa.  Gozatu dezagun bake giroan.

Programa deskargatzeko aukera, hementxe:  egitaraua

Jarraitu irakurtzen

Udalbiltza auzia

Zarauzko udal batzarra.

 

Zarauzko EAJ-PNVk eta Aralarrek honako agiria kaleratu dugu gaurko hedabideetan, Udalbitzaren aurkako epaiketa salatuz aurkeztuko dugun mozioaren harira. Jon Urien alkateak uko egin dio mozio politikoak eztabaidatzeari, hau da, politikari gisa dagozkion eginbeharretako bati. Ondorioz, mozioa ez da gaur arratsaldean egingo dugun Osoko Bilkurako eguneko ordenean azaltzen, eta presazko mozioa aurkeztu behar izan dugu. Baina modu batera edo bestera, euskaldunoi eragiten digun auzi bidegabe hau hizpide izango dugu udalbatzarrean; hori da azken finean inportanteena:

EAJ-PNVk eta Aralarrek presazko mozioa aurkeztuko dute Udalak bihar, asteazkenean, egingo duen Osoko Bilkuran. Aurki Udalbiltzako 22 kideren aurka egingo den epaiketa salatzea dute helburu; 10 eta 23 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen dute Fiskaltzak eta herri-akusazioak inputatuentzat. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 1.800 udal hautetsik 1999. urtean sortutako erakundea da Udalbiltza; hainbat esparrutan elkarlana eta nazio eraikuntza sustatzea zuen helburu, beti ere bide demokratikoak erabilita.

Jarraitu irakurtzen

Manolo Urbieta

Manolo Urbieta Zarauzko San Pelaio makila eskuetan duela. 10-06-26. Gaueko 00.00.

Emozioz beteta jaso zuen Manolo Urbietak Zarauzko San Pelaio makila, ostiral gauean udaletxe aurreko plazan. Lege Zaharren enparantza leporaino betea zegoen. Zorionak !!!

Jarraitu irakurtzen

Akordioa Gurekin Jairekin

Gurekin Jai batzordea.

Atzo Gurekin Jaiko ordezkariekin hitz egin nuen azken aldiz. Bilera asko egin ditugu azken asteotan eta negoziazio gogorra izan da hainbat unetan, baina azkenean akordioa lortu dugu. Txosnak Munoan jarri ahal izango dituzte, eta Udalak Kutxaren Kultur Zirkuituaren barruan antolatutako zein Gurekin Jaik aurreikusitako kontzertuak uztartuko dira programazioan. Biak konpatibilizatzeko ahalegina egin da, beraz. Gurekin Jairi zera eskatu zaio: egiten diren aldarrikapen guztiak, errespetuz eta inor mindu gabe egitea. Txosna eremuan kartel eta presoen argazkiak ez jartzeko konpromisoa hartu dute. Besterik da pertsona guztiek eremu pribatuan beren ideiak adierazteko dituen eskubidea, jakina (kamiseta edo pegatinen bidez, adibide bat jartzearren). Bestalde, lortutako dirua txosnen gastuei aurre egiteko eta haien jarduerak aurrera eramateko dela justifikatzeko konpromisoa hartu dute.

Jarraitu irakurtzen

Txosnak

San Pelaio jaiak. Zarauzko gaztetxoak udaletxe aurrean.

Maria Eizagirre Garatek  Diario Vascon  idatzitakoaren harira, argi eta garbi utzi nahi dut ez dela Zarauzko Udalaren asmoa, inolaz ere, “txosnak mapatik desagertaraztea”. Are gehiago, urtero baimenak ematen zaizkie herriko auzoetako festa guztietako txosnei, eta kirol talde eta elkarte sozialek antolatutakoei; garbiketan, edukiontzi berriak, komunak, hesiak eta oholtzak jartzerakoan, edo instalazio elektrikoarekin ere laguntzen zaie.

Horrelako jardueren atzean, Udalak bere egiten dituen eta bultzatu nahi dituen balore, printzipio eta politika batzuk daude: boluntariotza, herria eraikitzea, edota elkartegintza indartzea eta hainbat eragileren jarduera ekonomikoki ahalbidetzea. Gurekin Jai osatzen duten zenbait elkartek badute horren berri; zerbaitegatik aritu gara haiekin elkarlanean ekitaldiak antolatzerakoan inolako arazorik gabe.

Jarraitu irakurtzen