Xabier Txurruka izango da hurrengo alkatea. Argi dago zarauztarrek aldaketa bozkatu dutela. Kanpainan zehar, eta aurretik ere, askotan esan izan dut, EAJko Zarauzko bozeramale bezala, zarauztarrak ez zeudela ados Bilduren Gobernuak hartutako norabidearekin. Politika egiteko bestelako moduak eskatzen zituztela. Ez zutela inposaketarik nahi, zarauztar guztiontzat gobernatuko zuen Udala baizik, bazterkeriarik gabe. Herritarren arazoei konponbidea ematen eta beraien bizi-kalitatea hobetzen burubelarri arituko den Udala.
Hauteskundeetako emaitzek berretsi egin zuten aldaketarako joera hori. Gure alderdiak, EAJk, duela lau urte baino 2.000 boto inguru lortu ditu. Gehiengo garbia. Orain, herritarrek emandako erantzukizunari erantzuteko erronka izango du Xabierrek. Politikan kargua edukiko du lehen aldiz, bere bizitza osoasektore pribatuan lan egin ostean. Baina zalantzarik ez dut bere onena emango duela. Pertsona umila, ondo prestatua, eta oso langilea delako. Eta Zarautz eta zarauztarrak oso ondo ezagutzen dituelako.
Ni neu zinegotzi izaten jarraituko dut, bigarren maila batean. Lau urte ditugu orain herriko ekonomia eta enplegua bultzatzeko, giza-babeserako sistema indartzeko, geldiarazitako proiektuei bultzada emateko, eta udal zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko. Eta, nola ez, udaletxean gardentasunaren eta eraginkortasunaren alde egiteko. Guztiokin, eta guztiontzat gobernatuz. Akordioaren bidetik urrundu gabe.