Gipuzkoatik Europara, Europatik Gipuzkoara

22837035214_4a95214093_z

Europa beti egon da hor. Baina behar adina ez diogu begiratu, akaso. Ezagutza faltagatik batzuetan. Zaila baita, onar dezagun, Europar erakunde, sare eta proiektuaren ozeanoaren ikuspegi zehatz bat edukitzea. Beste batzuetan, berriz, beharra sumatu ez delako. Krisia iritsi aurretik, esaterako. ‘Oparotasun’ garaian, dena ikusten da ezberdin. Hori horrela, gertatu da bakarrik aginduak, arauak edo zigorrak iritsi direnean akordatu garela Europarekin. Edota erabakigarriak diren diru-laguntza batzuk jokoan zeudenean. Fondo ekonomikoekin, edo isunekin identifikatu izan da.

Europa hori baino askoz gehiago da, ordea. Edo izan beharko luke. Bada eredu aurreratuenetatik ikasteko aukera. Bada daukagun onena partekatu eta kontrastatzeko aukera -politika sozialak, esaterako-. Bada aukera ugari eskaintzen dituen  eremua, arlo estrategikoetan gainera: enplegua, kohesio soziala eta territoriala, ekonomia berdea, gobernantza ona, ikerkuntza eta garapena… Bada erreferentea, bada merkatua, eta bada elkarlanerako derrigorrezko esparrua. Hori ondo asko dakite gure enpresek, urteak daramatzatelako bertan saltzen. Baina orain esparru hori beste arlotara zabaldu nahi dugu, polika sozialetara, smart city-ra, eta kulturara, adibidez -Donostia 2016 bertan dugu-.

Hori dela eta, atzo Bruselan egon ginen. Euskal eurodiputatuekin, Euskadiren delegazioko arduradunekin, eta partaidetza eta ekintzailetasun arloetako ordezkari eta langileekin batzartu ginen, besteak beste. Eskertzekoa da denek egin ziguten harrera eta kolaboraziorako erakutsitako prestutasuna.

Aldundian ezartzen ari garen egitasmo eta proiektu nagusien berri ematea zen helburuetako bat, horien artean hiru nabarmenduz: legealdiko lehentasunak jasotzen dituen Kudeaketa Plan Estrategikoa; Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Plana, datozen lau urteetan 200 milioi euroko inbertsioa ekarriko duena; eta ‘Gipuzkoa Indartuz’ izeneko proiektua. Azken horrekin, Kanpo Harremanetako zuzendaritzaren bidez, europar eremuarekiko harremanak sendotu nahi ditugu, bertako erakundeekin elkarlan arina eta sistematikoa bermatzeko, eta aldi berean Europaren kontzeptua Lurraldean indartzeko.

Gakoa ez da bakarrik finantziazioa lortzea eta gure lehentasunak eta beharrak aurkeztea, dirulaguntzen ikuspegitik, baizik eta loturak indartzea eta europar erakundeekin etengabeko komunikazioa edukitzea. Gipuzkoatik Europara, eta Europatik Gipuzkoara. Onerako izango da, seguru.

Jarraitu irakurtzen