Honezkero gutxi izango dira Madonnaren eta Kalakan Iparraldeko taldearen arteko harremanaren berririk ez dutenik. Euskal musika tradizionala egiten du Kalakan-ek, ukitu berri eta originalekin. Madonnak bere urtebetetze festan ezagutu omen zituen iaz, uda gurean pasatzen ari zela. Ikaragarri gustatu zitzaion, eta gure kultura eta hizkuntzarekiko jakin mina piztu ere. Arratsalde bateko anekdotan geratzea zen normalena, baina handik gutxira poparen erreginak eskaintza egin zion euskal hirukoteari bere mundu biran parte hartzeko, eta harrezkero han eta hemen dabiltza, Open your heart eta Sagarra Jo kantu ezagunaren arteko nahasketa bitxia egiten, gure kulturaren arrastoa munduko hiriburu garrantzitsuenetan uzten milaka pertsonen aurrean.
Joan den asteburuan Parisen izan ziren Madonna eta Kalakan, eta urtebetetze opari ederra jaso nuen: kontzerturako sarrera. Aitortu behar dut zirragarria izan zela Kalakanen agerpena. Madonna gutxiago edo gehiago gustatu, ezin uka musikaren munduan izan duen eta duen pisua. Ez dira asko euskaldunok gure burua munduko mapan kokatu eta zabaltzeko ditugun aukerak, beraz, besteek anekdota hutsa ikusten duten tokian, nik aprobetxatu beharreko aukera ikusten dut. Abesti bat nahikoa da askok jakin dezaketen existitzen garela, bagarela, gure hizkuntza, nortasun eta kultura propioak dauzkagula. Ez da huskeria.
Eguna borobiltzeko, Kalakaneko kideetako bat ezagutzeko aukera eduki genuen: Jamixel Bereau. Jatorra baino jatorragoa, ezin hobeto hartu gintuen bertan bildutako euskaldunak. IkurriƱa eta guzti, saltsa polita sortu genuen Parisen eta gorputza ederki astindu genuen kontzertuan! Post honekin batera doan argazkia, kontatutakoaren lekuko. Milesker lagunei, eta bejondeizuela, Kalakan eta bereziki Jamixel!