Berdintasunaren ateak

Ficobako sarrera. 2020-11-20
Ficobako sarrera. 2020-11-20

Egonezina, noraeza eta kezka. Hiru hitz horiek ondo jasotzen dute, nire ustez, bizi duguna. Goizean goiz irratian entzundakoa zaharkitua gelditzen da gaueko albistegian. Dena oso azkar doa, eta ez dakigu zer datorkigun. Etxera bidean nindoala, bero doan udazken honetan, gure etxe inguruko zuhaitzen adarrak asko mugitzen zirela ohartu nintzen, nahiz eta enborrak ondo sustraituak egon. Eta irudi horren haritik, gure herriari ere gauza bera gertatuko zaiola pentsatu nuen, COVID-19 gaitza behin gainditu ondoren. Euskal gizarteak baditu ondo sustraitutako balore batzuk; besteak beste, berdintasuna. Estrategiak, planak eta egitasmoak non-nahi daude, baina kontua da horiek nola gauzatu, nola bihurtu ekimen. Hor dago koxka.

Aurreko astean hizpide izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiak ezgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako lehen lan eskaintza publikoa. Ehun pertsona baino gehiago aurkeztu ziren Irungo Ficoban egin zen azterketara. Urduritasuna eta ilusioa izan ziren nagusi. Guraso, antolatzaile, zaintzaile, eta nola ez, egun horretako protagonistak. Beste urrats garrantzitsu bat inklusioaren aldeko apustuan. Orain dela hiru urte,  Gobernantza Departamentua eta Gureak erakundea elkarlanean hasi ziren pertsona hauentzat Aldundian egon daitezkeen lanpostu egokien azterketa eta identifikazioa egiten. Gerora, beste erabaki asko hartu dira ibilbide aitzindari honetan. Urratsez urrats, herri honetan batzuen eta besteen ezagutza, bizipenak eta eskarmentua kontuan izanda, iritsi gara desgaitasun intelektuala dutenei ere euskal erakundeen ateak parez pare irekitzera.

Jarraitu irakurtzen