Goian bego !

 

Iñigo Cabacasen heriotzak soka luzea ekarri du, eta ez da gutxiagorako. Barrenak mugitzen ditu gazte bizkaitar honi egin diotenak, eta senitartekoen eta lagunen azalean jartzeak. Politikarion erreakzio katearen gainetik, samina nagusitzen da, eta zentzurik gabe uzten ditu hitzak eta adierazpenak, dena ilunduz. Ospakizun gaua behar zuena gau beltz bihurtu zuen Ertzaintzako zenbait kideren arduragebekeriak eta gehiegizko indarkeriak. Egindakoak ez du atzera bueltarik. Iñigok agur esan du eta oso zaila da hori barneratzea. Heriotz guztiak dira onartzen zailak, baina beste edozein baina zailagoa da hau.

Gertatutakoaren detaileak ezagutu ahala. Samina ez ezik, sumina ere areagotuz doa. Autopsiak, pilatuz doan lekukotzak… guztiek ematen dute aditzera gauza bera: inolako justifikaziorik gabe neurrigabeko oldarkortasuna erabili zuela Ertzaintzak, alde batera utzita herritarren babesle gisa dagozkion ardura eta zuhurtzia. Ezkutatzen, edo atzeratzen saiatu badira ere, egia beti azaleratzen da lehenago edo beranduago, eta ostegunean gertatutakoa giza eskubideen aurkako eraso larria da, irmo gaitzetsi beharrekoa.

 Tamalez, justiziak eta egiak ez dute Iñigo gurera ekarriko, baina exijentzia politikoa eta, batez ere, morala da gertatutakoa azken ondorioetaraino ikertzea, eta erantzukizunak argitu eta zuritzea. Era berean, oinarriak jarri beharko dira halakorik sekulan errepikatu ez dadin.

Doluminak familia eta lagunei. Goian bego.

Jarraitu irakurtzen