Beasain, Azpeitia eta Zarauzko EAJ-PNVko bozeramaleok, eta Batzar Nagusietako kide den Arantza Tapiak, Bilduri gaur Foru Arauaren barruan hondakinen kudeaketaren inguruan hartutako konpromisoak betetzeko eskatu diogu, birziklapenerako, konpostajerako eta balioztatze energetikorako aurreikusitako azpiegiturei bide emanez, eta modu horretan Sasieta (Beasain), Lapatx (Azpeitia) eta Urtetako (Zarautz) zabortegiak adostutako epeetan ixtea bermatuz -2013, 2014 eta 2014, hurrenez hurren-. Helburu horrekin, bakoitzak bere udaletxean registratutako mozioa ere kaleratu dugu: Urtetako zabortegia-Mozioa-2011-09-28.
2007an gehiengoz lortutako akordioaren arabera, hiru udalerriok erantzukizunez eta elkartasunez jokatu behar izan genuen, gure herrietako zabortegietan urtero Donostialdea eta Txingudiri zegozkien 130.000 tona hondakin jaso behar izan baitdugu; 45.000 Sasietan, 35.000 Lapatxen, eta 25.000 Urtetan. Horrek ahalbidetu du egoera “jasanezinean” zegoen Donostia-Errenteriako San Marcos zabortegia ixtea. Hondakinen beste zati bat Bizkaiara eramaten da. Akordioak jasotzen zuenez, Donostialdean eraikiko zen balioztatze energetikorako gunea, hondakinen zikloari amaiera eman, eta Gipuzkoan zabalik dauden hiru zabortegiak ixteko.
Bilduren Foru Gobernuak erakutsitako “indefinizioa” dela-eta, zabortegiok beren bizitza erabilgarria luzatu behar izateko arriskua “benetakoa eta serioa” da. Tapiak gogorarazitakoaren arabera, “joan den asteazkenean Batzar Nagusietan egindako Osoko Bilkuran ebazpen proposamena aurkeztu genuen, Bilduri eskatuz arlo honetan orain arteko ekinbidea, gehiengoz onartutakoa, jarrai dezan. Orain arte esaten zuten beraiek iritsi aurretik hartutako erabakiak zirela, eta lehen alderdi guztiak ez zeudela ordezkatuta. Gaur egun guztiok dugu ordezkapena; aurretik adostu genuena berretsi dugu, eta ez dago hori ez betetzeko inolako aitzakiarik”. Ea zer gertatzen den asteazkenego udal batzarrean.