Urratsa bikaintasunerantz


 

Oharkabe samarrean pasa bada ere, albiste inportantea plazaratu genuen atzo. Aldundian Kudeaketa Publikoko Eredua (KPAE) ezarriko dugu. Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek administrazioko hainbat langileren ekarpen boluntarioekin osatutako eredua da, eta EFQM ereduak urte askoan pilatutako eskarmentua du oinarri. Ez da abiapuntu txarra, nazioartean aitorpen ugari jaso dituen eredu kontrastatua baita EFQM, arrakasta frogatu duena.

Edozein enpresa eta erakundek badaki zer den geroz eta eszenatoki lehiakorragoan aritu behar izatea. Eta erakunde publikook ere, geroz eta errealitate konplexuagoari egin behar diogu aurre, gure jomuga den gizartea ere geroz eta konplexuagoa delako. Aldatuz joan dira herritarren eskakizunak eta beharrak, areagotu egin da gurekiko exijentzia maila, eta teknologia berriek ere sekulako eragina eduki dute. Erakundeen eta herritarren arteko komunikazioa eta harremanak ez dira garai batekoak.

Fenomeno horretara egokitu behar gara erakunde publikoak. Ohituretan, prozeduretan eta eguneroko praktiketan eduki behar du isla horrek. Aldundiaren antolaketa eraldatzeko prozesu sakonean murgildurik gauden honetan, KPAE oso lagungarria izango dela uste dut, eredu kontrastatua, publikoa, eta euskalduna delako, euskal erakundeek euskal erakundeontzat pentsatua eta prestatua, alegia. Administrazio maila guztietan homologazioa lortzeko ere balioko du, beraz.

Zer lortuko dugu honekin? Erakundean kudeaketa eraginkorragoa, gardenagoa, koordinatuagoa,  arinagoa eta desburokratizatuagoa edukitzea.  Eredu berriari esker Aldundiak hobeto aprobetxatuko ditu bere prozesuak eta baliabideak, duplizidadeak saihestuz.  Bere giza taldeak trebezia eta ezagutza berriak eskuratuko ditu, formakuntzaren bitartez konpromisoa sendotuz. Plangintzari ere garrantzi berezia emango zaio, helburuak Kudeaketa Plan Estrategikoarekin bat etor daitezen eta antolaketa ere horren arabera egokituz. Alegia, planifikazioa bermatuko da, inprobisazioa saihestuz.

Eta azkenik, berrikuntza, administrazio egokia eta etika publikoa sustatuko dira, jasangarritasuna, aukera berdintasuna edota euskararen erabileraren normalizazioa bezalako balioekiko erantzukizuna azpimarratuz.

Guzti hauek, etxe barruko lanak izanda ere, eragin nabarmen eta zuzena izango dute gure politiketan eta herritarrek jasotzen duten zerbitzuan. Makinaria puntu-puntuan jartzen lagunduko gaitu KPAEk. Bikaintasuna ez baita eslogan hutsa, eguneroko kontua eta gure betebeharra baizik.

Jarraitu irakurtzen