Lau urtean behin egiten dugun alderdiaren Batzar Nagusiari itxiera eman diogu asteburu honetan. Datozen urteetarako bide orria finkatua gelditu da, eta lideratuko duen taldea ere zein den erabakita.
Ez dira xamurrak izan azken urteetan bizi izandakoak, baina etortzeke daudenak ere ez dira errazak izango. Sendotasuna, berritzailea eta, batik bat, etorkizuna lantzerakoan asmatzea eskatzen zaio EAJ-PNVri. Hor dago gakoa. Nola egin? Zer egin gure herriaren oparotasuna bermatzeko eta aurrera egiteko inor atzean utzi gabe? Zer eta nola dira erantzun beharreko galderak.
Hori dela eta, Entzunez Eraiki eta Zuk Esan dinamikak jarriko ditugu abian. Ideia berriak, denon gogoetak eta ekintzailetza bultzatuz landu nahi dugu gure herriaren etorkizuna. Bukatu dira garai bateko aditu eta jakintsu batzuek ponentzia marduletan esandakoak betetzeko garai haiek. Denon artean, elkarri entzunda eta elkarrekin landutakoa izan behar du geroak.
COVID-19 pandemiak astindu ederra eman digu, eta gure eguneroko egiteko modu eta ohiturak zeharo aldatu ere bai. Gure batzokiak itxita egon dira, ez gara elkartu azken denboraldian, eta orain, irekitakoan, asko kostatzen ari zaigu garai bateko martxa hartzen. Bagoaz, hasi gara beste behin ere sasoi eta ilusioz beterik, baina beste modu batera: teknologia berriak erabiliz, gure eztabaida guneak berrituz, alderdikide eta alderdizaleak aktibatuz, eta auzogintza eta herrigintza uztartuz. Hurbilekoak garrantzia hartu du, eta eguneroko nahiak eta arazoak aintzat hartu behar ditugu, baina gure herriaren garapena ahaztu gabe.
Digitalizazioa, sustapen ekonomikoa, oreka berdea, gure nagusien zaintza eredua, desberdinkeria… horiek eta beste asko lantzeko moduak esango digu zein-nolako herria izango dugun etorkizun hurbilean. Herri askea dugu helburu, eta horretarako, ezinbestekoak dira indar berrituak; herri eraikuntza eta garapen sozio-ekonomikoa bi aldeko txanpona baita.
Prest gaude. Abian zurekin batera. Iritsi da Batzokia 4.0.