Han izan ginen

Santa Maria la Real Parrokia. Zarautz.

Udalak, uztaileko udal batzarrean,  San Pelaiotako mezan edo abuztuko Salben parte hartzea galarazten duen mozioa onartu zen.  EB-Aralar, Bildu eta PSE-EE alderdieen botoekin onartu zen.  Zarauzko eajko zinegotziak, elizak gonbidatuta, Salve eta Meza Nagusian egon ginen, gure burua ordezkatuz. Kulturaren, ohituren eta errespetuaren esparruan kokatzen dugu halako ekitaldietara joatea. Bertan egoteak ez du esan nahi, ezta gutxiagorik ere, Udalak, edo ordezkari politikoek, erlijio katolikoa onartzen dutenik edota horren printzipio eta jarrera guztiak bere egiten dituztenik. Hori ez da eztabaida. Eta ez du arriskuan jartzen Udalaren izaera akonfesionala.  Jarrera “irekiagoa” eskatu nien mozioaren bultzatzaileei, baina alferrik. Pasa den legealdian Udalak Islamari buruzko erakusketa zabala antolatu zuen, eta inor ez zen horregatik larritu. Inaugurazioan Udalbatzako taldeetako ordezkari guztiak izan ginen. Zarauztik Mundura da beste adibide bat: kultura, etnia eta erlijio desberdinen arteko elkarbizitza jaialdi gisa aitzindari izan da.

Eliza eta Udalaren arteko harremanak onak izan dira orain arte. Eta emankorrak. Ikusi besterik ez dago Schola Cantorum, Erregen Kabalgata eta Bizar Zurirekin, edota Caritas bezalako erakundeek hainbat esparrutan egiten duten lana. Hitzartutako eskola erlijiosoekin ere, hala nola La Sallerekin, elkarlan oparia izan dugu. Horregatik, ez dugu ulertzen uko egitea erakunde gisa izaera berezia duten ekitaldietan parte hartzea, dela Salben, dela Ama Birjin eguneko meza nagusian. Are gehiago, parte ez hartzeak funtsik gabeko mespretxua iruditzen zaigu hainbat lagun eta taldek herrian egiten duten lanarekiko. Kontua ez da norbanako gisa joatea edo ez, mozioak aipatzen duen moduan. Zinegotzi batek beti ordezkatzen ditu Udala eta zarauztarrak. Eguna hasi eta buka. Batzuetan bat etorriko gara joaten garen ekitaldeetako bultzatzaileekin, eta beste batzuetan ez. Gogo handiagoa edo txikiagoa izango dugu joateko, eta gerta liteke ere gehiago edo gutxiago identifikatzea haiekin. Baina beti mantendu behar da errespetu instituzionala, eta batzen gaituenari erreparatu.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *