+ Gastu soziala

EAJ-PNV taldea Santa Ana egoitza aurrean. Zarautz. 2011-05-10

Gaurko honetan, Zarauzko EAJ-PNVk datorren legealdirako gizartekintza arloan dituen asmoen berri eman nahi izan du. Ez da kasualitatea kanpainako gure lehen prentsaurrekorako gai hau aukeratzea. Izan ere, guretzat, gastu soziala izango da lehentasun nagusia. Mezu argia eman nahi dugu: krisiaren aurrean, ezin da inor bazterrean utzi. Zarauztar guztien beharrei erantzuna ematea da gure erronka.

Zenbait datu emango ditut hasteko. Zarautzen 1.267 langabetu dauzkagu azken datuen arabera: 629 gizonezko eta 638 emakume. Pasa den urtean, 1.321 herritar pasatu ziren Gizarte Zerbitzuetatik, zarauztar guztien %5,8. Familiei erreparatuta, portzentajea askoz handiagoa da. Departamentuaren aurrekontua 2.639.107 eurokoa izan zen.

155 lagunek jaso zuten gizarte larrialdiko laguntza, edo AES delakoa. Kopurua bikoiztu da 2008az geroztik. 82 pertsonek jaso zuten norbanako laguntza, lehen mailako premiak asetzeko. Hirukoiztu egin zen kopurua, 2008koarekin alderatuta. Azkenik, 202 familik jaso zuten diru-sarrerak bermatzeko errenta. Hau da, bi urtetan bider lau handitu da kopurua.

Guzti honekin zer esan nahi dugu? Zarautzen postal idiliko horren atzean, bestelako errealitate bat badagoela, eta premiazko behar ugari. Batzuk pentsa dezaketenaren kontra, gure herria ez dago guzti honen aske. Badaude aurrera egiteko zailtasun handiak dituzten bizilagun eta familia zarauztarrak, egoera zailean daudenak.

Beraz, ezin dugu beste aldera begira geratu. Ongizatearen alde lanean jarraitu behar dugu. Udalaren aurrekontuetan murrizketak egin behar izan dira, baina lehentasun bezala hartu behar dugu zarauztarren beharrei aurre egitea, eraginkortasunez. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen aurrekontua %20 handiagoa izango da, aurten, beste ataletakoa ez bezala.

Gizarte Zerbitzuak ez dira “karitatea” banatzen duen zerbitzua. Hau argi utzi nahi dugu. Herritarren eskubideak dira. Gure eginbeharra zarauztarron giza-beharrei era profesional eta modu eraginkor batean erantzutea da, herrian kohesio soziala, elkartasuna eta elkarbizitza sustatuz. Eta baliabide publikoak direnez, aldi berean efizientziaz kudeatu behar ditugu, dirua zentzurik gabe xahutu gabe.

Azken urteotan, erronka ezberdinei egin behar izan diegu aurre: hirugarren adineko biztanlegoaren igoerari; adinekoen zaintza desegoki kasuen igoerari; adin txikikoen tratu txarren igoerari; genero bortizkeriaren igoerari; langabeziaren igoerari eta horrek, besteak beste, erakartzen duen dirulaguntza beharrari. Departamentuaren lan esparrua oso zabala da.

Egoera horri aurre egiteko, gure alderdiak hainbat ekintza eta helburu dauzka esku artean.  Hauek dira, besteak beste, proposatzen ditugun neurriak eta erronkak, ematen dugun arreta onena izan dadin .

 –         Diru-laguntzak modu efizientean kudeatu behar dira. Une honetan ia ez daukagu itxarote zerrendarik, beste herri askorekin konparatuta. Hiruzpalau asteko epean ematen dira zitak. Gure konpromisoa hauxe da: epe hori murrizten jarraitu, eta larriak diren kasuak berehala atenditu.

 –         Portzentualki, hirugarren adinekoen biztanlegoa geroz eta handiagoa da, eta  esparru horretan hainbat erronka ditugu. Horregatik bildu gara hemen, Santa Ana egoitza parean, zarauztarrentzat aski ezaguna den tokian. Alde batetik, Eguneko Zentroari bultzada eman behar diogu: epe motzean akordioa lortu nahi dugu Foru Aldundiarekin, zarauztar guztiek bertan plaza izan dezaten, kanpora joan behar izan gabe.

 –         Eguneko Zentroan eraikin bikaina egin dugu, eta orain bertan ematen diren zerbitzuei eman behar diegu lehentasuna. Besteak beste, babestutako edo tutelatutako apartamentuak martxan jartzea izango da erronketako bat. Apartamentuak dekoratu eta hornitzeko pliegoak prestatzen ari gara, eta gure konpromisoa da urtea bukatu baino lehen apartamentuen zati bat martxan egotea.

 –         Bestalde, Nagusien Kontseiluarekin eta jubilatuen elkarteekin elkarlanean aritu, hirugarren adinekoentzat zerbitzu osagarriak martxan jarri, eta baliabide sozio-sanitarioen eskaintza sustatu.

 –         Santa Ana egoitza honen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena da konpetentzia edo eskumena, baina beti erakutsiko dugu, Aldundiarekin elkarlanean, bertan zarauztar guztioi ematen zaigun zerbitzuen eta arretaren kalitatea hobetzeko konpromisoa. Guretzat ezinbestekoa da, Ongizatearen esparruan, beste erakundeekin eta herriko elkartearekin lankidetzat aritzea: Diputazioa, Jaurlaritza, Caritas, Cruz Roja, DYA, etabar…

Arrazoia argia da: laguntza eta programa asko hemen tramitatu, baina beste erakundeek ematen dituzte. Herriko elkarteei dagokionez, preziorik ez duten lana egiten dute. Hori dela-eta, elkarteentzako egoitza duinak ahalbidetu. Hala egin dugu legealdi honetan, eta horretan jarraitu nahi dugu.

 –         Era berean, Zerbitzu Sozialak eskaintzen dituzten baliabideen eta beren jardueren gida informatiboa argitaratu. Izan ere, ezagutza falta handia dago herritarren artean oraindik ere.

 –         EAJ-PNVtik sexu arteko berdintasuna sustatzen jarraitu. Udalaren aurrekontuetan Genero Txostena txertatu nahi dugu. Lana eta familia uztartzeko eta amatasuna/aitatasuna bultzatzeko neurriak hartu, eta Berdintasunaren Bigarren Planaren garatuko dugu.

 –         Prebentzio Zerbitzua hobetu nahi dugu, martxan diren egitasmoak aztertuz eta egokituz.

 –         Herriko Anbulategian Eusko Jaurlaritzak hitzemandako medikuntza espezialitateen eskaintza bermatzea izango da gure beste helburuetako bat.

 –         Babesik gabeko egoeran dauden adin txikikoei ematen zaien laguntza hobetzen jarraitu nahi dugu.

 –         Hogar del frío aztertu.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *