Bizar Zuri

Zarauzko Bizar Zuri

Gaur  Errege Magoen kabalgataren bezperan, Bizar Zuri Zarauzko kaleetan barrena abiatuko da, Parrokiako Abesbatzaren eta Turismo Bulegoaren eskutik. 18:00etan aterako da postari famatua San Inazio kaletik.  Bizar Zuri bere laguntzailearekin, eta zuziak eramango dituzten hamar kiderekin iritsiko da. Azken hauek jantzi berezia eramango dute, bigarren urtez jarraian. Iazko nobedade nagusiari eutsiko zaio, karroza dotorean ibiliko baita kaleetan barrena. Gutun bat eramango du aurreko aldean apaingarri gisa. Ohi bezala, Txistulari Bandak lagunduta etorriko da Bizar Zuri.  

Bizar Zuriren laguntzaileak azukrerik eta glutenik gabeko piruletak banatuko ditu, zeliakoentzat zein diabetikoentzat jangarriak. Guraso askok egindako iradokizuna da, haur guztiek Bizar Zurik ematen dituen gozokiez goza ahal izan dezaten. Abesbatzarekin elkarlanean gauzatu ahal izan da. Bihar Errege Magoek kabalgatan banatuko dituzten gozokiek ere aipatutako ezaugarriak izango dituzte.

Parrokiako Abesbatzako kideek, zailtasun ekonomikoak gorabehera, gure ohiturak bizirik mantentzeko egiten duten lan eskerga eskertu nahi dut. Bizar Zuri gure-gurea da, oso zarauztarra, eta Turismo Bulegoa harro dago urtero herrira etortzen jarrai dezan bere hondar alea jartzeaz. Asko dira Bizar Zuriren etorrera ilusio handiarekin espero duten haur eta helduak. Iaz, esaterako, 600 gutun baino gehiago jaso zituen. Gora bihotzak, Bizar Zuri hemen da dagoeneko !!! 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *