Herritarren partaidetza

Orobat, Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauak hainbat proposamen egiten ditu Gipuzkoan egingo diren partaidetza prozesuetan genero berdintasuna bermatzeko. Herritarren partaidetza eraginkorra sustatzeko funtsezkoa da baldintza berdinetan emakumeen eta gizonen partaidetza sustatu eta bermatuko duten neurriak ezartzea. Foru Arauak zeharkako helburutzat dauka emakumeen eta gizonen artean herritarren partaidetza ekitatiboa sustatzea eta bermatzea.

 Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauaren helburuak

 1. Herritarren partaidetza sustatzea eta bultzatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko gai publikoetan, eta partaidetza hori ezartzea Foru Administrazioan, beronen kudeaketa maila desberdinetan.

 2.      Herritarren eta herritarrak antolatzen diren taldeen eskubide demokratikoak garatzea, demokrazia ordezkatzaileko eskubideak eta teknikak osatzen eta hobetzen dituzten partaidetza bidezko demokraziaren prozesu, praktika eta tresnak baliatuta.

 3.      Herritarren partaidetzaren kultura sustatzea eta finkatzea.

 4.      Herritarrak kudeaketa publikoan inplika daitezen bultzatzea, publikoa interesatzen zaien herritarrak izatearren.

 5.      Gobernuaren jarduera gardenago egitea eta gobernu jardueraren eta gipuzkoarren arteko lotura egituratzea.

 6.      Botere publikoak gizartearen behar eta dinamiketara zabal daitezen bultzatzea.

 7.      Politika eta administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin bultzatzea gizarte elkarlanaren bidez.

 8.      Gizarte elkartasun eta integrazio maila handiagoak bermatzea, berariazko ekarpena eginez genero berdintasunaren, desfaboratu edo ahulenen interesen eta ordezkaritza-ahalmen txikienekoen interesen defentsaren arloan.

 9.      Elkarte ehuna sustatzea eta partaidetzaren kultura eta ohiturak zabaltzea.

 10.    Udalekin elkarlanean aritzea, herritarren partaidetza sustatzeko eta erakunde horien gobernu eta administrazio jardueran partaidetza prozesuak aurrera eramateko.   

 Partaidetzari buruzko Foru Arauaren ezaugarriak

 Foru arau berriak herritarren partaidetzaren kultura txertatzen du foru gobernuaren agendan, eta politikaren eta gizartearen artean dagoen distantzia laburtzeko tresna eraginkorra da.

 I. titulua

 Partaidetza prozesuetatik ondorioztatzen diren emaitzak bere egin ahal izango ditu Foru Aldundiak. Horrela ez bada, arrazoitu egin beharko du erabaki hori.

 II. titulua

 Idazpuru honetan parte hartzeko eskubidea arautzen da, prozedurei buruz informazioa jasotzekoa, eskaerak egiteko eskubidea eta Foru Aldundiaren eskumenekoak diren gai publikoen kudeaketan, partaidetza prozesuak eginez, parte hartzeko eskubidea.

 Gipuzkoan bizi direnek, bai zuzenean bai dagozkien herritar erakundeen bidez, parte hartzeko eskubidea dute.  

 III. titulua

 Herritarren partaidetzarako bitartekoak aipatzen dira. Herritarren partaidetzako prozesuak Gipuzkoako Foru Aldundiko politika publikoak zehazteko prozeduren barruan baliatu ahal izango dira. Herritarren partaidetzako prozesuak (salbuespen kasuetan izan ezik) politika publikoen prozeduraren hasierako fasean baliatuko dira.

Partaidetzako protokoloen ikuspegitik, herritarren partaidetzarako zuzendaritzak protokolo bat onartuko du prozedura bakoitzerako, eta bertan zehaztuko dira helburuak, eztabaidatu beharreko gaiak eta kasu bakoitzean prozedura arautzen duten baldintzak. 

Foru Aldundiak herritarren partaidetzarako prozesuak ezartzeko ekimen ahalmena du. Era berean, Batzar Nagusiek, beren ekimenez, erabaki ahal izango dute Foru Aldundiak herritarren partaidetzako prozesuak garatzea. Partaidetzarako Herritar Erakundeen Foru Erregistroan izen emandako herritar erakundeek ekimen eskubidea baliatu ahal izango dute herritarren partaidetzako prozesua egiteko.   

Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu behar dituen politikak edo hartu behar dituen erabakiak eragiten dien gipuzkoarrek ere herritarren partaidetzako prozesuak egiteko ekimenerako eskubidea izango dute, baldin eta gutxienez lurraldeko, eskualdeko edo udalerriko biztanleen % 2 badira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu behar dituen politikak edo hartu behar dituen erabakiak eragiten dien toki erakundeek ere deliberaziozko partaidetza prozesuak gauzatzeko ekimenerako eskubidea izango dute.

Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak erabakiko du zein unetan irekitzen den herritarren partaidetzako prozesua. Politika publiko jakin bati loturik partaidetza prozesu bat irekitzeak berekin ekarriko du hartu behar den azken erabakia baldintza dezakeen inolako jarduketa etetea.

Herri kontsultak herritarren partaidetzarako modu bat izango dira Gipuzkoan. Foru arau honetan erregulatutako herri kontsultak modalitate guztietakoak izan daitezke, erreferenduma izan ezik.  

IV. titulua

Herritar erakundeek dituzten eginkizun nagusiak zehazten dira eta haien izaera aitortzen da Gipuzkoako Elkarteen Erregistroa abian jarriz.

V. titulua

Partaidetza programa Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren partaidetzaren inguruan dituen proposamenak jasoko dituen tresna bat izango da.

Lurraldeko Gizarte Kontseilua eratuko da, herritarren partaidetzako gaietan aholku organoa izan dadin.  

Foru Aldundiko departamentu guztiak ordezkatuta egongo diren  Foru Batzorde bat abian jarriko da.

Diputatu Nagusiaren Kabinetearen barruan Herritarren Partaidetzako Zuzendaritza sortuko da herritarren partaidetzako prozesuak aurrera eramateko.

VI. titulua

Toki erakundeen sustapena arautzen da, hitzarmenak, berariazko bitartekoak eta partaidetza prozesuak gauzatzeko beharrezko laguntza teknikoa baliatuz.

Nabarmentzekoa da arauaren eraginkortasunaren ebaluazioa.

VII. titulua

Prozesuak ebaluatzeko txostenak eta memoriak egingo dira.

Batzar Nagusiek, abian jarritako bitartekoen eta prozeduren aplikazioari buruzko ebaluazio orokorra egin ahal izango dute.

Ikasturte politiko berriaren hasieran Aldundiaren partaidetza programa kudeatzeko organo ezberdinak abian jarriko dira, Herritar Erakundeen Foru Erregistro berria irekiko da eta partaidetza programa aurkeztuko da, legealdi amaiera bitartean foru organoen jardueran herritarren partaidetzarako egingo diren proposamenak jasoko dituena. 

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *