Zurekin, elkarte berria.

ZurekinLogo2
Elkartearen logotipoa.

Zarauzko Ostalaritza Elkartea zarauztar guztien aurrean aurkeztu da, Turismo Bulegoan izan zen prentsaurreko baten bidez, ostegun arratsaldean. Bertan izan ziren Maria Garrastazu elkarteko presidentea, eta aurreneko zuzendaritza sortzen duten zenbait lagun. Ostalariek Zurekin izenarekin bataiatu dute elkarte berria. Herritarrei eta sektoreko kideei erakutsi nahi dieten gertutasuna islatzen du, zuzendaritzaren arabera. Helburu nagusia ostalaritzak dituen erronkei elkarlanean, eta horrenbestez, “askoz ere modu eraginkorragoan” aurre egitea da, kideen esanetan. Azkenean lortu dugu, aspaldiko nahia errealitatean bihurtzen.

Turismo Bulegoko arduradunok eta ostalariek aspalditik jotzen genuen beharrezkotzat elkartearen sorrera. Pasa den urteko urriaren bukaera aldera, Turismo Bulegotik bilera antolatu genuen udaletxean, sorrera horren oinarriak jartze aldera, eta sektoreko kideen erantzuna guztiz arrakastatsua izan zen, establezimendu desberdinetako hainbat ordezkarik parte hartu baitzuten bertan. Bileran, Turismo Bulegotik elkartearen estatutuen zirriborro bat proposatu genuen, batik-bat kontu formalekin (batzarren aldikakotasuna, etabar…).

Egun horretan bertan, zortzi pertsonek eratutako talde batek aurrerapausoa eman, eta elkartea behin-betiko sortzeko konpromisoa hartu zuen. Haiek dira zuzendaritzako lehen kideak: Eduardo Berasategi (Nautico Berri eta Beraetxe pubak); Pascual Exposito (Itxas-Lur taberna); Maria Garrastazu (Gaztelu kafetegia); Maite Fernandez (Katixa kafetegia); Romero Ameztoy (Kirkilla jatetxea); Asier Aldalur (Txiki Polit jatetxe eta ostatua); Igor Azpitarte (Alameda hotela); Beker Algaba (Kandela jatetxea, Argi kafetegia, Kupela, Lauteilatu eta Txanela).

Harrezkeroztik, hainbat bilera egin izan dituzte, eta ostalariak izan dira behin-betiko estatutuak osatu eta onartu dituztenak, elkartearen helburuak eta funtzionamendua zehaztuz, eta izena eta logotipoa ere erabaki dituztenak. Eusko Jaurlaritzaren erregistroan formalki izena eman dute jada, eta 30 bazkide inguru dituzte egun. Herriko ostalari guztiei gutuna bidali zaie, ekimenarekin bat egin dezaten animatuz. Horretarako Turismo Bulegora jo behar dute, ekainaren 12a baino lehen. Bulegoan bertan estatutuen kopia bat dago ikusgai, ezagutu nahi dituen edonork horretarako aukera izan dezan.

Zurekin-ek, prentsaurrekoan azaldu dutenez, herriko elkarte (Murkil, kirol taldeak…) eta eragile desberdinekin elkarlanean arituko da, eta Turismoaren Aholkularitza Batzordeko partaide izango da. » Bilerak egin ditugu Turismo Bulegoko arduradunekin, eta ilusio handia dugu, ekitaldiak antolatzeko gogoz gaude, udan bakarrik ez, beste urte osoan zehar herriari bizita ematen laguntzeko. Elkarteari esker, hobeto koordinatuko gara gainerako talde eta elkarteekin, eta modu hobean antolatu ahal izango ditugu jarduera desberdinak”.

Zuzendaritzak azpimarratu duenez, elkarteak gabezia handi bati ematen dio erantzuna. “Beste hainbat herritan ez bezala, Zarautzen ez zegoen halakorik. Bakoitza bere aldetik baldin badoa jai dugu. Indarrak batu beharra zegoen bilgune batean, elkar hobeto ulertzeko, kezkak partekatzeko, eta erronkei elkarlanean erantzuteko. Eta kanpora begira ere, interlokuzio amankomuna sortu behar genuen, Udalarekin, Turismo Bulegoarekin, gainerako erakunde publikoekin, zarauztar guztiekin eta bezeroekin harremanak edukitzerakoan”. Zurekin-en beste helburuetako bat izango da establezimenduen zerbitzuan kalitatea eta berrikuntza sustatzea Turismo Bulegoarekin batera, Kalitate Turistikoaren Ziurtagiriaren eta bestelako neurrien bitartez.

Ostalaritza sektoreak pisu handia du Zarauzko bizitzan eta ekonomian, eta Zurekin sustatu dutenek espero dute elkartea errealitate horren isla izatea, Murkil eta merkatarien kasuan gertatzen den bezala. Ildo horretan honakoa adierazi dute: “Denbora beharko dugu egokitzeko eta ikasten joateko, baina ilusioa eta lanerako jarrera ona duen lan taldea bildu dugula uste dugu. Gure burua ezagutaraztea da orain erronka nagusia. Horretarako, ateak zabalik ditugu mundu guztiarentzat, eta bereziki sektoreko kide direnentzat. Zurekin-ekin bat egitera animatu nahi ditugu”.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *