Kaleak garbi, guztion ardura.

San Pelaioko lehen azoka Mutil Ardo taldeak antolatuta.
San Pelaioko lehen azoka. 2009. Mutil Ardo taldeak antolatuta.

Atzo arratsaldean, Zarauzko udal batzarrean garbiketa ordenantza berria onartu genuen. Aho batez izan zen onartua, baina eztabaida egon zen hitza eskatu zuten ezker abertzaleko kide batzuekin. Ez dute onartzen kalea ez dela batzuena, ez dela bakarrik bizitzeko, baizik eta elkarbizitzeko eta antolatzen diren ekitaldi guztiak ondo antolatuak egon behar dutela.

Oraindik, beren ustetan, udaletxeak oztopoak jarri besterik ez du egiten herri-ekimenak antolatzen direnean. Ez da egia. Eskatzen diren gauzen artean, aseguruak, arduradun bat, garbiketa eta horrelako baldintzak daude, zentzuzko kontuak guztiak. Zer gertatuko litzateke istripu larri bat egonez gero, ez baldin badago asegururik? Zergatik ez dute ulertzen ekimen baten ondoren tokia txukun utzi behar dela eta horrela ez baldin bada gelditzen isun bat ordaindu behar dela? Zergatik jasan behar dugu tizas-paseoan Munoa inguruan dagoen pixa kiratsa? Zergatik gelditu behar du manifestazio baten ondoren kale guztia paperez beteta? Zerikusi dauka adierazpen askatasunak plaza bat txerri eginda gelditzearekin, atzo Lege Zahar enparantza gelditu zen bezala? Nahikoa da. Ingurumena zaindu beharra dugu, eta nahiz eta gustuko ez izan,  arauak eta udal ordenantzek gure bizi kalitatea hobetzeko balio dute. Gure etxeetan, denok, oinarrizko arau batzuk ditugu. Gure enpresetan ere bai. Zergatik ez gure herriko kaleetan dauden ekimenak kudeatzeko ere bai? Hernaniko alkatesak ondo aipatzen zuen bezala, orain dela gutxi Noticias de Gipuzkoan idatzi zuen iritzi artikulu batean: “Al principio nos costó pero con el tiempo los hemos aceptado porque entendemos que la salud y la integridad física requieren de esos esfuerzos. Las normativas municipales están repletas de ejemplos de este tipo, regularizaciones que al principio pueden parecer impopulares pero que con el tiempo traen consigo ganar en calidad de vida y ganar en salud”. Bat egiten dut berak aipatzen duen ideia horrekin, nahiz eta ez zaidan ondo iruditu atez-ateko zabor-bilketaren aferan duen jarrera, eta askoz ere gutxiago Hernaniko 6.000 biztanlek egindako erreferendum eskaera pikutara bidali izana.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *