Andoni Egaña

Andoni Egaña
Euskal Herriko bertsolari txapelketa bukatu da eta nahiz eta gure Andoni Egañak ez irabazi aurten txapela, harro gaude egin duen lanarekin. Hau da berari igorritako eskutitza, Zarauzko Euskara zerbitzuaren izenean.
Egaña adiskidea, agur:

Joan den igandean BEC-en bildutako 15.000 lagunen gertutasuna eta babesa jaso zenuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean. Bertan izan ziren hainbat zarauztar, eta baita beste hainbat ere pantailaren atzean, adi-adi, emozioen errusiar mendian gora eta behera, zuekin hitzaren gozamena partekatuz. Guk ere, Zarauzko Euskara Zerbitzuaren izenean, zorionik beroenak eman nahi dizkizugu txukun lehiatzeagatik, beste behin, eta batez ere erakutsitako portaera jator, umil eta zintzoagatik. Bertsolari bikaina, eta bertsokide eta adiskide hobea izateagatik.Leer más/ Gehiago irakurri… Konbentzituta gaude bosgarren txapela irabazi ez izanak ez duela ezer aldatzen. Irabazteak ere ezer aldatuko ez zukeen bezala. Ez lorpen txikia delako, ezta gutxiagorik ere, baizik eta bizitza osoan euskara eta bertsogintzaren esparruan egin duzun lan eskergaren itzalpean gelditzen delako: bertsolaritza eraberrituz, elkartegintza eta eskolak bultzatuz, belaunaldien arteko lotura eginez, eta belaunaldi berriei eredua emanez… hori guztia, autodidakta izanda.

BEC-eko saioak agur kutsua izan bazuen ere, jakin badakigu Egaña luzerako izango dugula: dela plazetan, bertso-afarietan, oholtzetan, artikuluetan, narrazioetan, saiakeretan… Dela ahoz, dela idatziz. Eta hala desio dugu, gainera, euskarak zein bertsoak zure beharra baitute.

Milesker Zarautzen lekukoa hain txukun eramateagatik, eta txapelaren lekukoa hain duin eman izanagatik. Zure baimenarekin, BEC-en jarritako pankartetako batekin bat egingo dugu: “Azken Portuko aitona, hemen ez dek inor hi bezain ona!”.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *