Euskal Jaia 2009

Garbiñe Vitoria izan zen logotipoa diseinatu zuena.
Urtero-urtero, aspaldidanik, Zarautzek hitzordu berezia dauka euskal kulturarekin. Irailaren 1etik 9ra ospatuko da festa. Tarte horretan, askotariko ikuskizun eta ekitaldiak izango dira gurean: musika, antzerkia, bertsoak, ohiturak, karrozak, kirola…
Urteroko txapelketa eta jarduerez gain, berritasunak ere izango ditugu. Aurten antzerki saio aparta izango dugu jaiei hasiera emateko, irailaren batean, ‘Euskarazetamol’ obrarekin. Gainera, inoiz baino karroza gehiago izango ditugu: lau. Honek erakusten du beste behin herri bizia dela hau, eta zarauztarrok ez garela geldirik egotekoak. Leer más/ Iaz martxan jarritako bi nobedadeak ere mantenduko ditugu. Alde batetik, irailaren 5an, Bigarren Soinu Zaharren Txapelketa izango da. Bestetik, irailaren 8an, Euskal Jai Egunaren bezperan, Musika Plazan dantza saioa egingo da. Dakizuenez, iaz merezi zuen aurpegia eman genion Euskal Asteari, Garbiñe Vitoria zarauztarrak diseinatutako logotipo eta estetika txukunarekin. Aurtengo eskuprograman ere ikus dezakezue.

Gaur herriko hainbat arlotako elkarteetako ordezkariak zaudete hemen. Eskerrak eman nahi dizkizuet guztiei, ez bakarrik Euskal Aste honetan parte hartzeagatik, baizik eta zuen lanak urte osoan zehar jarraipena izango duelako. Euskal kultura eta euskara, gure altxorra, sasoiko daude Zarautzen, zuen ahaleginari esker neurri oso handi batean.

Ildo horretan, urtero aipamen bereziren bat egiten dugu. Aurtengoan, zorionak ere eman nahi ditut. Alde batetik, Euskal Herrian Euskaraz taldeari, Euskal Astean antolatzen duen bazkari herrikoiak 25 urte betetzen dituelako. Eta beste horrenbeste betetzen ditu Basarri Bertsopaper Sariak.

Hori dela-eta, bertsolaritzari aipamen berezia egin nahi izan diogu, eskuprograman dagoen irudiarekin. Eta batez ere Etxebeltz eta Motxian-eko taldekideek alor horretan egin duten lana goraipatu eta eskertu nahi dugu. Basarriren arrastoa jarraituz, egunero ahozkotasuna eta bertsolaritza bultzatzeko jo eta su dabiltzan Rosa Lertxundi, Pello Esnal, Nahikari eta Mantxi omenduko ditugu ondoren. Juanjo Gurrea eskultoreak egindako pieza eder eta bereziak jasoko dituzte. Lan bikaina egin du, gero ikusi ahal izango duzuenez.

25 urte badira zerbait. Zer esanik ez laurogei. Pasa den urtean bete zituen Euskal Asteak. Gure herriaren metafora ere izan daiteke. Asko aldatu da denbora horretan, baina funtsean ez da hainbeste aldatu, bihotzak taupadaka jarraitzen baitu. Bere nortasuna, bere arima, aldarrikatzen duen herri baten festa zen orduan, eta gauza bera da gaur egun ere. Herri baten festa. Zarauztar guztiona, bai, baina baita Euskal Herriarena ere. Aldatu gara, baina ez zaigu ahaztu nor garen eta nondik gatozen.


Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *