Gipuzkoatik mundura, mundutik Gipuzkoara

imanol astillero

Betidanik izan dugu gipuzkoarrok atzerrirako joera. Denboran atzera eginez, mundua zeharkatzen aitzindari izan ziren marinel eta arrantzaleen historia topatzen dugu. Merkataritza arloan, berriz, ‘Real Compañía Guipuzcoana de Caracas’ bezalako ekimenak aurkitzen ditugu. Eta hor daude ere, beharrak jota, menderik mende gure mugetatik haratago bizimodua ateratzera joan behar izan zuten milaka eta milaka gipuzkoarrak –oraindik ere asko dira, aukera bila, kanpora jo behar duten gazteak, zoritxarrez-.

Gipuzkoaren historia nekez uler daiteke munduaren historia gabe. Ezta gaur egungo errealitatea ere, globalizazioak fenomeno hori areagotu baitu. Gipuzkoako ekonomia, gizartea, zientzia, kultura…munduarekin lotuta daude. Ikusi besterik ez dago nazioarteko merkatuetan lehiatzeko gure enpresek urte luzez egin duten eta egiten duten ahalegina; Erasmuz beken edo bestelako ekimenen bitartez bere burua atzerrian formatzen duten gazteak; gure ikerketa eta teknologia zentroak, goi mailakoak direnak; edota urtero gure lurraldea bisitatzen duten milaka turistak, zein munduko herrialdeak bisitatzen dituzten gipuzkoarrak.

Kosmopolita zen, da eta izango da Gipuzkoa. Munduari irekitako lurraldea. Eta lurralde gisa hazten eta gipuzkoarron bizi-kalitatea hobetzen jarraitu nahi badu, ezinbestekoa du nazioartean duen presentzia indartzea. Jarraitu behar du merkatu berriak irekitzen, ezagutzak eta esperientziak partekatzen –badugu zer erakutsi, kooperatibismo edo ongizate arloan adibidez-, eta Europako eta munduko herrialde aurreratuenen ereduetatik ikasten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak badu zeresana egiteko horretan. Aktiboa izan behar du gure ekonomia, kultura eta gizartearen nazioarteratzeko prozesuan. Horretarako, plangintza sustatuko dugu arlo guztietako eragileekin, eta beste erakundeekin elkarlanean, behar bezala erantzuteko empresa, ikerketa zentro, unibertsitate, sortzaile eta herritarren beharrei. Gipuzkoatik mundura, eta mundutik Gipuzkoara.

P.D: Aipatu Gabe utzi dut Donostia 2016, Gipuzkoa munduan kokatzeko aukera aparta izango dela. Baina horrek beste sarrera bat merezi du. Laster…

Jarraitu irakurtzen