Eredugarritasunean eredu

blog
Urbeltzek bi liburu argitaratu ditu Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Aldundiko bozeramaile bezala, nahi baino gehiagotan tokatzen zait albiste txarrak ematea, edo ez espero bezain onak, behintzat. Baita ezetz esatea ere. Bizitzan bezala, aurreikuspenak eta nahiak bide batetik doaz, eta errealitatea bestetik. Hori dela eta, berri atsegin bat ematerakoan, poza bikoitza izaten da. Zer esanik ez berri hori gaur jakinarazi dugunaren tankerakoa denean: Juan Antonio Urbeltzi Gipuzkoako Urrezko Domina eman dio Aldundiak. Gainera, errekonozimendu horren instrukzioa gauzatzea egokitu zaidanez, gertu-gertutik bizitzeko aukera eta ohorea izan dut.

Agerraldian, eta bertan banatu dugun dokumentazioan, luze eta zabal azaldu ditugu erabaki horren motiboak. Blogeko sarrera honetan, baina, haren giza balioak goraipatu nahiko nituzke. Haren eskuzabaltasuna, hainbat persona eta talderekin modu desinteresatuan lan egitera eraman duena. Haren zintzotasuna, euskal dantzaren eta euskal kulturgintzaren alorrean pertsona askoren bihotzetan lekua egin diona. Eta nola ez, haren zorroztasuna eta ekiteko gaitasuna, galtzeko arriskuan zegoen ondare aberatsa ahanzturaren atzamarretatik libratu duena.

Sarritan esaten dugu Gipuzkoak baduela herrigintza sare bat oso antolatua eta dinamikoa, eta horrek asko errazten duela erakundeon lana, ez dugulako zerotik hasi behar edo bidea urratu behar. Hala, beste batzuen ahaleginak laguntzea, erraztea eta bideratzea bihurtzen da gure egiteko nagusi. Urbeltz bezalako bazkideekin, dena da errazagoa. Balio dezala Domina honek Gipuzkoak berarekin duen zorraren zatitxo bat kentzeko, bederen. Zorionak!

P.D: Izendapenaren instruktore gisa, izugarri lagungarria egin zait Oier Araolaza, Mikel Sarriegi eta IƱaki Arregi dantza maisuek erraztutako informazioa, Urbeltzen figuraren handitasunari tamaina hartu ahal izateko. Hirurei, milesker.

Jarraitu irakurtzen