Gipuzkoa eredu

integridad

Azken bost urteetan asko aldatu gara. Krisi ekonomiko larria izan dugu eta oraindik ere ondorio latzak ari gara pairatzen. Ez dugu berdin lan egiten eta ziurrenik ez dugu berdin pentsatzen. Uste baino gehiago aldatu da gure gizartea eta onerako edo txarrerako izan den, hurrengo belaunaldiek esango digute.

Garai gogor honetan, euskaldunon gizatasunaren balioa nolakoa den ezagutzeko aukera ere izan dugu. Euskal Herria beti izan da herri solidarioa eta hala izan da aitortua. Gizarte sare garrantzitsua sortu dugu, inor bazterrean gelditu ez dadin. Ekonomia sozialerako enpresak eta gizarte politika aurreratuenetarikoa duen herria da gurea, eta Gipuzkoa da ziurrenik hori hoberen islatzen duen lurraldea. Hala diote behintzat azken inkesta eta ikerketek.

Hau guztia esanda, aitortu beharra dago gure arteko mesfidantza ere areagotu egin dela.  Egungo gizarte gipuzkoarra ez da gure gurasoek ezagutu eta bizi izan zuten bezalakoa. Lehen irakasleek ikastolan beti zuten arrazoia, orain, berriz, gutxitan. Lehen, ohikoa zen auzoko harategian hileroko erosketak egitea eta hilabete bukaeran dena batera ordaintzea; orain, ordea hileroko erosketak merkataritza gune erraldoietan egin ohi ditugu. Seguraski gizarte modernoago batean bizi gara, baina onartu beharra daukagu askatasun, konfiantza eta alaitasun pixka bat ere galdu dugula.

Politikagintzan ere oso epe laburrean gauza asko ari dira aldatzen. Sakoneko aldaketak ari gara burutzen euskal administrazioetan herritarren nahi berriei egokitzeko. Herritarren eskaerak handitu egin dira, erantzun berriak jaso nahi dituzte eta, batik bat, herri ordezkarien jokabidea zuhurrago izan dadin espero dute. Izan ere, erakundeak kudeatzen dituzten pertsonen jokabide esparrua ondo adieraztea garrantzitsua da, printzipio eta baloreak ondo zehaztuz. Gipuzkoa horretan ere eredu eta erreferente izan nahi du, eta, horregatik, Aldundian, onartu berri dugu, edozein elkartek, enpresak edo eragilek egiten duenaren antzera, sistema integral berri bat.

Jarraitu irakurtzen