Ez ditut plastiko beltzak gustuko

Aste honetako agendako gaiak, eta gure lurraldeko albiste nagusiak aztertzerakoan, irudi bat etorri zait gogora; Hondarribiko Alardeko argazki itsusi bat. Ez dut betiko alardea edo alarde mistoaren inguruko eztabaidan parte hartzeko asmorik. Batzuen eta besteen aldeko argudioak ezagunak dira eta garbi dago adostasunik ez dagoela jaia ospatzeko moduaren inguruan. Gaia gatazkatsua da oraindik, ertz eta korapilo askokoa. Ez dut, beraz, nire blogeko lerro hauetan Alardearen konponbiderako giltzarririk azalduko, ez dudalako proposamen berririk.

Hau esanda, badago azpimarratu nahi dudan kontu bat. Ez zitzaidan batere gustatu Alardearen osteko egunkarietan ikusitako argazki bat. Neska gazte batzuk plastiko beltzarekin egin zieten harrera alarde mistoaren kideei, beraien aurretik pasatzerakoan. Gogorra eta tristea iruditu zitzaidan.

Euskal Herrian egoera gogor asko bizi izan ditugu herriz-herriko festetan. Kartel iraingarriak, lekuz kanpoko pintadak, mehatxuak, eta baita ekintza larriagoak ere. Eta beti pentsatu izan dut nola den posible festa batzuetan, ondo pasa behar dugun une batean, horrelakoak gertatzea. Ez zait buruan sartzen. Edozeinek du eskubide osoa festa nola ospatu nahi duen erabakitzeko, baina beti besteak errespetatuz.

Ulertzen dut alarde eredu baten aldekoa izatea, baina horrek ez du justifikatzen bestelako eredua duen pertsonari harrera plastiko beltzarekin egitea, besteen eskubidea ere errespetatu behar delako. Norbaitek esango du adierazpen askatasuna dela, baina ez nago ados. Irainek eta indarkeria berbalak ez dute lekurik gure herriak bizi duen egoera politiko eta sozial berrian. Ez lukete eduki behar. Errespetua eta tolerantzia dira elkarbizitzaren oinarriak. Ezagutzen nauenak badaki beti defenditu dudala hori. Euskaldunok ez dugu asmatu sarritan desadostasunak egoki kudeatzen, eta oraindik badugu iraganetik zer ikasia.

Jarraitu irakurtzen