#OrainUdalak

 

3N5A9704

Atzokoan aukera izan nuen Gipuzkoako Udaletako ordezkaritza zabal baten aurrean herritarren partaidetzari lotuta esku artean ditugun asmoak eta proiektu zehatzak azaltzeko. 2016ko Partaidetza Planaren lerro nagusiak partekatu ahal izan nituen 70 alkate eta partaidetza teknikari ingururekin.

Laster ezagutaraziko dugu Plan Gipuzkoako gizartearen aurrean, baina dagoeneko aurreratu dezaket Udalekiko lankidetza izango dela osagai nagusietako bat, eta helburu horretan kokatzen da atzoko topaketa. Alor guztietan sustatu nahi dugu Udalekiko elkarlana, baina partaidetza dinamiken kasuan, uste dut elkarlan honek baduela garrantzi berezi bat. Izan ere, askotan norbere udalerria da parte-hartzerako esparru ‘naturalenetako’ bat, tamaina txiki edo ertainekoetan batez ere. Beraz, partaidetza prozesuak martxan jartzerakoan, ezinbesteko bazkide dira Udalak.

Hala, aurki aurkeztuko dugun Planak hainbat ekintza aurreikusten ditu Udalekiko lotura horiek sendotzeko. Partaidetzako kultura sustatzeko eta errazteko ekintzen barruan, Udalen Kontseilua sortuko dugu. Udaletako langileei bideratutako Prestakuntza Plan bat onartuko dugu, diru-laguntza lerro berriak ezarriko ditugu, eta praktika onak aintzat hartu eta sarituko ditugu.

Oro har, harrera ona izan zuen egitasmoak, eta oso interesgarria izan zen alkate eta teknikarien zalantzak, ekarpenak eta iritziak entzutea. Izango dira desadostasunak bidean, baina bat gatoz Udalen protagonismoa ezinbestekoa dela herritarrekin harreman irekia sendotu eta Aldundian eta Gipuzkoan partaidetza instituzionalizatzeko. Ez da batere abiapuntu txarra.

Jarraitu irakurtzen

Urratsa bikaintasunerantz


 

Oharkabe samarrean pasa bada ere, albiste inportantea plazaratu genuen atzo. Aldundian Kudeaketa Publikoko Eredua (KPAE) ezarriko dugu. Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek administrazioko hainbat langileren ekarpen boluntarioekin osatutako eredua da, eta EFQM ereduak urte askoan pilatutako eskarmentua du oinarri. Ez da abiapuntu txarra, nazioartean aitorpen ugari jaso dituen eredu kontrastatua baita EFQM, arrakasta frogatu duena.

Edozein enpresa eta erakundek badaki zer den geroz eta eszenatoki lehiakorragoan aritu behar izatea. Eta erakunde publikook ere, geroz eta errealitate konplexuagoari egin behar diogu aurre, gure jomuga den gizartea ere geroz eta konplexuagoa delako. Aldatuz joan dira herritarren eskakizunak eta beharrak, areagotu egin da gurekiko exijentzia maila, eta teknologia berriek ere sekulako eragina eduki dute. Erakundeen eta herritarren arteko komunikazioa eta harremanak ez dira garai batekoak.

Fenomeno horretara egokitu behar gara erakunde publikoak. Ohituretan, prozeduretan eta eguneroko praktiketan eduki behar du isla horrek. Aldundiaren antolaketa eraldatzeko prozesu sakonean murgildurik gauden honetan, KPAE oso lagungarria izango dela uste dut, eredu kontrastatua, publikoa, eta euskalduna delako, euskal erakundeek euskal erakundeontzat pentsatua eta prestatua, alegia. Administrazio maila guztietan homologazioa lortzeko ere balioko du, beraz.

Zer lortuko dugu honekin? Erakundean kudeaketa eraginkorragoa, gardenagoa, koordinatuagoa,  arinagoa eta desburokratizatuagoa edukitzea.  Eredu berriari esker Aldundiak hobeto aprobetxatuko ditu bere prozesuak eta baliabideak, duplizidadeak saihestuz.  Bere giza taldeak trebezia eta ezagutza berriak eskuratuko ditu, formakuntzaren bitartez konpromisoa sendotuz. Plangintzari ere garrantzi berezia emango zaio, helburuak Kudeaketa Plan Estrategikoarekin bat etor daitezen eta antolaketa ere horren arabera egokituz. Alegia, planifikazioa bermatuko da, inprobisazioa saihestuz.

Eta azkenik, berrikuntza, administrazio egokia eta etika publikoa sustatuko dira, jasangarritasuna, aukera berdintasuna edota euskararen erabileraren normalizazioa bezalako balioekiko erantzukizuna azpimarratuz.

Guzti hauek, etxe barruko lanak izanda ere, eragin nabarmen eta zuzena izango dute gure politiketan eta herritarrek jasotzen duten zerbitzuan. Makinaria puntu-puntuan jartzen lagunduko gaitu KPAEk. Bikaintasuna ez baita eslogan hutsa, eguneroko kontua eta gure betebeharra baizik.

Jarraitu irakurtzen

Gipuzkoa, cada vez más transparente

La Diputación de Gipuzkoa es, desde hace unas semanas, la primera institución pública de Euskadi que da a conocer la agenda diaria de sus más altos representantes. Una información que en otros países como Inglaterra o EEUU está disponible y es de obligada publicación desde hace años, y cuyo acceso facilitan también, más recientemente, instituciones como la Comisión Europea. Cualquiera puede consultar, a través de la nueva web de la Diputación –www.gipuzkoa.eus-, a qué dedicamos los diputados y diputadas  nuestro día a día, a qué actos acudimos y con quién nos reunimos. De forma sencilla, accesible y actualizada, a través de un calendario similar al que la mayoría utilizamos en nuestro correo electrónico.

Jarraitu irakurtzen

Zubi lanak

Zarautz. Desertu txikia. Itsas pasealekua.
Zarautz. Desertu txikia. Itsas pasealekua.

Asteburu honetan, Donostiak Maria Cristina zubian eman dio hasiera Europako Hiri Kulturalari. Azken hamarkadan euskaldunok iraganean izan ditugun liskarrak eta ezin ikusiak  ahaztu nahian gabiltza, eta, kultura lagun, etorkizuneko elkarbizitzaren  zubi berria erakitzea erabaki dugu urte berriko lehen egun hauetan.

Jarraitu irakurtzen

Gipuzkoatik Europara, Europatik Gipuzkoara

22837035214_4a95214093_z

Europa beti egon da hor. Baina behar adina ez diogu begiratu, akaso. Ezagutza faltagatik batzuetan. Zaila baita, onar dezagun, Europar erakunde, sare eta proiektuaren ozeanoaren ikuspegi zehatz bat edukitzea. Beste batzuetan, berriz, beharra sumatu ez delako. Krisia iritsi aurretik, esaterako. ‘Oparotasun’ garaian, dena ikusten da ezberdin. Hori horrela, gertatu da bakarrik aginduak, arauak edo zigorrak iritsi direnean akordatu garela Europarekin. Edota erabakigarriak diren diru-laguntza batzuk jokoan zeudenean. Fondo ekonomikoekin, edo isunekin identifikatu izan da.

Europa hori baino askoz gehiago da, ordea. Edo izan beharko luke. Bada eredu aurreratuenetatik ikasteko aukera. Bada daukagun onena partekatu eta kontrastatzeko aukera -politika sozialak, esaterako-. Bada aukera ugari eskaintzen dituen  eremua, arlo estrategikoetan gainera: enplegua, kohesio soziala eta territoriala, ekonomia berdea, gobernantza ona, ikerkuntza eta garapena… Bada erreferentea, bada merkatua, eta bada elkarlanerako derrigorrezko esparrua. Hori ondo asko dakite gure enpresek, urteak daramatzatelako bertan saltzen. Baina orain esparru hori beste arlotara zabaldu nahi dugu, polika sozialetara, smart city-ra, eta kulturara, adibidez -Donostia 2016 bertan dugu-.

Hori dela eta, atzo Bruselan egon ginen. Euskal eurodiputatuekin, Euskadiren delegazioko arduradunekin, eta partaidetza eta ekintzailetasun arloetako ordezkari eta langileekin batzartu ginen, besteak beste. Eskertzekoa da denek egin ziguten harrera eta kolaboraziorako erakutsitako prestutasuna.

Aldundian ezartzen ari garen egitasmo eta proiektu nagusien berri ematea zen helburuetako bat, horien artean hiru nabarmenduz: legealdiko lehentasunak jasotzen dituen Kudeaketa Plan Estrategikoa; Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Plana, datozen lau urteetan 200 milioi euroko inbertsioa ekarriko duena; eta ‘Gipuzkoa Indartuz’ izeneko proiektua. Azken horrekin, Kanpo Harremanetako zuzendaritzaren bidez, europar eremuarekiko harremanak sendotu nahi ditugu, bertako erakundeekin elkarlan arina eta sistematikoa bermatzeko, eta aldi berean Europaren kontzeptua Lurraldean indartzeko.

Gakoa ez da bakarrik finantziazioa lortzea eta gure lehentasunak eta beharrak aurkeztea, dirulaguntzen ikuspegitik, baizik eta loturak indartzea eta europar erakundeekin etengabeko komunikazioa edukitzea. Gipuzkoatik Europara, eta Europatik Gipuzkoara. Onerako izango da, seguru.

Jarraitu irakurtzen

Eredugarritasunean eredu

blog
Urbeltzek bi liburu argitaratu ditu Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Aldundiko bozeramaile bezala, nahi baino gehiagotan tokatzen zait albiste txarrak ematea, edo ez espero bezain onak, behintzat. Baita ezetz esatea ere. Bizitzan bezala, aurreikuspenak eta nahiak bide batetik doaz, eta errealitatea bestetik. Hori dela eta, berri atsegin bat ematerakoan, poza bikoitza izaten da. Zer esanik ez berri hori gaur jakinarazi dugunaren tankerakoa denean: Juan Antonio Urbeltzi Gipuzkoako Urrezko Domina eman dio Aldundiak. Gainera, errekonozimendu horren instrukzioa gauzatzea egokitu zaidanez, gertu-gertutik bizitzeko aukera eta ohorea izan dut.

Agerraldian, eta bertan banatu dugun dokumentazioan, luze eta zabal azaldu ditugu erabaki horren motiboak. Blogeko sarrera honetan, baina, haren giza balioak goraipatu nahiko nituzke. Haren eskuzabaltasuna, hainbat persona eta talderekin modu desinteresatuan lan egitera eraman duena. Haren zintzotasuna, euskal dantzaren eta euskal kulturgintzaren alorrean pertsona askoren bihotzetan lekua egin diona. Eta nola ez, haren zorroztasuna eta ekiteko gaitasuna, galtzeko arriskuan zegoen ondare aberatsa ahanzturaren atzamarretatik libratu duena.

Sarritan esaten dugu Gipuzkoak baduela herrigintza sare bat oso antolatua eta dinamikoa, eta horrek asko errazten duela erakundeon lana, ez dugulako zerotik hasi behar edo bidea urratu behar. Hala, beste batzuen ahaleginak laguntzea, erraztea eta bideratzea bihurtzen da gure egiteko nagusi. Urbeltz bezalako bazkideekin, dena da errazagoa. Balio dezala Domina honek Gipuzkoak berarekin duen zorraren zatitxo bat kentzeko, bederen. Zorionak!

P.D: Izendapenaren instruktore gisa, izugarri lagungarria egin zait Oier Araolaza, Mikel Sarriegi eta Iñaki Arregi dantza maisuek erraztutako informazioa, Urbeltzen figuraren handitasunari tamaina hartu ahal izateko. Hirurei, milesker.

Jarraitu irakurtzen

Zuek, etxerako

Zuek etxerakoona

Nire agendan eguneko ekintzak eta egin beharrekoak ondo ditut zehaztuta; norekin elkartuko naizen, zein lekutan, zein dokumentu eduki behar dudan landuta eta, batzuetan, zer irakurri behar dudan ere bai, ezer oker atera ez dadin. Ekitaldi guztiak dira inportanteak, baina horien artean badaude, garrantzi handia edukitzeaz gain, oso bereziak edo ezohikoak direnak. Atzo Azpeitian eduki nuena, esaterako.

Herri horretan, Eroski eta Gureak, bat eginda, supermerkatu berri bat ireki dute. Beste edozein lekutan eros daitezkeen produktuak aurki ditzakegu, baina harrera eta giza harremanak desberdinak dira. Denda berri honetan lan egiten duten guztiak aniztasun funtzionala duten pertsonak dira. Dagoeneko, 2015. Urtean, ez luke  berri aipagarria izan beharko pertsona hauek lanean, dantzan edo kirola egiten ikusteak, baina oraindik albistea da eta, beraz, gizarteratzeko lan handia dagoela adierazten digu.

Nire agendan ekitaldi berezia zen, gorriz neukana margotua. Hala izan zen. Ilusio eta gogoa izan ziren nagusi. Goi mailako bi enpresa gipuzkoar, indarrak batuta, bere onena emateko prest agertu dira zerbitzu berritzaile bat abian jarriz gure Lurraldean integrazio sozial eta profesionala bultzatzeko. Ekonomia sozialaren eta berrikuntzaren adibide bikaina.

Gureakeko langileak ere bere onena emateko prest agertu dira. Alai eta arduratsu. Gureak eta Eroski Gipuzkoan ditugun bi altxor dira, eta gaurtik aurrera lan egitera doazen langile berriak, daukagun onena. Horregatik, atzo hala esan nien: zorte on eta zuek, etxerako.

Jarraitu irakurtzen

Ez ditut plastiko beltzak gustuko

Aste honetako agendako gaiak, eta gure lurraldeko albiste nagusiak aztertzerakoan, irudi bat etorri zait gogora; Hondarribiko Alardeko argazki itsusi bat. Ez dut betiko alardea edo alarde mistoaren inguruko eztabaidan parte hartzeko asmorik. Batzuen eta besteen aldeko argudioak ezagunak dira eta garbi dago adostasunik ez dagoela jaia ospatzeko moduaren inguruan. Gaia gatazkatsua da oraindik, ertz eta korapilo askokoa. Ez dut, beraz, nire blogeko lerro hauetan Alardearen konponbiderako giltzarririk azalduko, ez dudalako proposamen berririk.

Hau esanda, badago azpimarratu nahi dudan kontu bat. Ez zitzaidan batere gustatu Alardearen osteko egunkarietan ikusitako argazki bat. Neska gazte batzuk plastiko beltzarekin egin zieten harrera alarde mistoaren kideei, beraien aurretik pasatzerakoan. Gogorra eta tristea iruditu zitzaidan.

Euskal Herrian egoera gogor asko bizi izan ditugu herriz-herriko festetan. Kartel iraingarriak, lekuz kanpoko pintadak, mehatxuak, eta baita ekintza larriagoak ere. Eta beti pentsatu izan dut nola den posible festa batzuetan, ondo pasa behar dugun une batean, horrelakoak gertatzea. Ez zait buruan sartzen. Edozeinek du eskubide osoa festa nola ospatu nahi duen erabakitzeko, baina beti besteak errespetatuz.

Ulertzen dut alarde eredu baten aldekoa izatea, baina horrek ez du justifikatzen bestelako eredua duen pertsonari harrera plastiko beltzarekin egitea, besteen eskubidea ere errespetatu behar delako. Norbaitek esango du adierazpen askatasuna dela, baina ez nago ados. Irainek eta indarkeria berbalak ez dute lekurik gure herriak bizi duen egoera politiko eta sozial berrian. Ez lukete eduki behar. Errespetua eta tolerantzia dira elkarbizitzaren oinarriak. Ezagutzen nauenak badaki beti defenditu dudala hori. Euskaldunok ez dugu asmatu sarritan desadostasunak egoki kudeatzen, eta oraindik badugu iraganetik zer ikasia.

Jarraitu irakurtzen

El buen gobierno en Gipuzkoa

txikia

Artikulu hau publikatu dut Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Legealdi honetan Gobernantzan izango ditugun erronkan zenbatzen ditut bertan. Eredu berri bat ezartzeko ilusio eta indarrik ez zaigu falta, elkarlana, irekitasuna eta gardentasunean oinarrituta.

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2015/08/28/opinion/tribuna-abierta/los-retos-del-buen-gobierno-en-gipuzkoa

Jarraitu irakurtzen