Udalbiltza auzia

Zarauzko udal batzarra.

 

Zarauzko EAJ-PNVk eta Aralarrek honako agiria kaleratu dugu gaurko hedabideetan, Udalbitzaren aurkako epaiketa salatuz aurkeztuko dugun mozioaren harira. Jon Urien alkateak uko egin dio mozio politikoak eztabaidatzeari, hau da, politikari gisa dagozkion eginbeharretako bati. Ondorioz, mozioa ez da gaur arratsaldean egingo dugun Osoko Bilkurako eguneko ordenean azaltzen, eta presazko mozioa aurkeztu behar izan dugu. Baina modu batera edo bestera, euskaldunoi eragiten digun auzi bidegabe hau hizpide izango dugu udalbatzarrean; hori da azken finean inportanteena:

EAJ-PNVk eta Aralarrek presazko mozioa aurkeztuko dute Udalak bihar, asteazkenean, egingo duen Osoko Bilkuran. Aurki Udalbiltzako 22 kideren aurka egingo den epaiketa salatzea dute helburu; 10 eta 23 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen dute Fiskaltzak eta herri-akusazioak inputatuentzat. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 1.800 udal hautetsik 1999. urtean sortutako erakundea da Udalbiltza; hainbat esparrutan elkarlana eta nazio eraikuntza sustatzea zuen helburu, beti ere bide demokratikoak erabilita.

2.003ko udaberrian, Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta, aipatu erakundeko hainbat hautetsi eta langile atxilotu, eta bulego publikoak itxi zituzten. Udaletxeak erregistratu zituzten, materiala eraman zuten, eta Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu zuten, beraien jardueraren suspentsioa ezartzeaz gain. Zazpi urte pasa behar izan dira kide horien aurkako epaiketaren data eta zigor-eskaerak ezagutu arte.

EAJ-PNV eta Aralarren arabera, “beste behin, eta modu interesatuan, prozedura induktiboaren ordena irauli dute, “dena ETA da” dioen aurretiaz ezarritako printzipioan oinarritu dira, ondoren aurreiritzi  hori janzten duten zantzuak bilatzen hasi, eta  baieztapenarekin bat ez datozenak baztertuz”. Bi alderdi abertzaleek adierazi dutenez, “Udalbiltzako sorrera helburuen alde lan egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla”.

Era berean, mozioan salatzen dutenez, ‘“dena ETA da” printzipioa erabiliaz mugarik gabeko inkriminazioa zabal daiteke euskal lurraldeen erakundetzea eta nazio eraikuntzaren alde diharduten pertsonen eta erakundeen aurka”;. Jarrera horrek ondorioztapen arriskutsuak dakartzala diote: “Goardia Zibilak bere txostenetan ETAk berdin pentsatzen omen duela eta guzti horiek ETA-kide direla baieztatzea astakeri juridiko eta politikoa da”.

Guzti horregatik, EAJ-PNVk eta Aralarrek konpromisoa hartu dute, “edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko”. Halaber, “irmoki” deitoratu dute Auzitegi Nazionalean eramaten ari diren prozedura, eta Estatuko Gobernuari eskatzen diote “Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala”.

Bi alderdion ustetan, “zilegi eta beharrezkoa” da Udalbiltzaren printzipioen alde lan egitea, “Euskal Herriko lurralde guztietako udal eta herritarren artean harreman konstruktibo eta dinamikoa bultzatzea” baita bilatzen duen gauza bakarra. Nabarmendu dutenez, “guztiontzako irekia den erakundea da, hizkuntza normalizazioa bultzatzen duena, batez ere euskararen presentzia bereziki ahula den herri eta lurraldeetan”.

Ildo horretan, EAJ-PNVk eta Aralarrek gogorarazi dute Udalbiltza eta Zarauzko herriaren arteko elkarlana “estua” izan dela, eta ez dela “gaur egungo kontua” baizik eta aspalditik datorrela: “Ez bakarrik herriko hainbait zinegotzi kide izan dituelako, baizik eta erakunde honen bitartez proiektu desberdinak bultzatu direlako”. Hala, zehaztu dutenez, 2005eko irailean Zarauzko herriak 4.700 euro eman zituen Ziburun (Iparralde) haurtzandegi bat egiteko. Urtebete ondoren, 2006ko irailaren 20an, Gobernu Batzordeak “aho batez”· onartu zuen Saran (Iparralde) ikastola eraikitzeko 9.000 euroko kopurua ematea.

Bi kasuetan, “Iparraldeko bizilagunek haien seme-alabak euskaraz hezitzeko dituzten oztopoei aurre egiten laguntzea” izan zuten xede. 2006an, Zarauzko Udalak bisita egin zuen Sarara, eta bertan, Jean Aniotzbehere alkatearen ahotik, “herritarren eskertza jaso ahal izan zuen zarauztarren keinuagatik”.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *