HONDAR GRISA, KUDEAKETA ILUNA

Zarauzko hondartza. 2014. Ekaina.
Zarauzko hondartza. 2014. Ekaina.

Erabakiak hartzen dituen bakoitzean, Bilduk argi eta garbi uzten du zein den bere politika estiloa: iluntasuna, bere kabuz aritzea, beste inorekin kontatu gabe. Azken adibidea Zarauzko hondartzarekin gertatatutakoa dugu. Espainiako Costas hondar berria botatzen aritu zen duela zenbait egun bertan. Erabilitako hondarra grisa da, Zarauzkoarekin zerikusirik ez duena, eta usain txarrei buruzko kexak ere izan dira. Hainbat herritarrek eta eragilek kezka agertu eta zalantzan jarri zuten erabakia.

Hondarra botatzeko erabakiaren arrastorik ez genuen oposizioko taldeok. Bilduk ez zuen batzordeetara ekarri, eta beste biderik ere ez zuen erabili informazioa emateko. Egoera horren aurrean, erabaki genuen idatzia aurkeztea Udalean, bereziki bi kontu argitzeko:

  • Nor izan den Costas-i hondarra botatzeko baimena eman dion Zarauzko Udaleko arduradun politikoa.
  • Nolako irizpide tekniko eta ekologikoak erabili dituen baimen hori justifikatzeko.

Funtsean, gure ustetan halako erabaki bat berme guztiekin eta adostasunak bilatuz hartu behar da, alderdi politikoekin zein herri-eragileekin. Horregatik, erabakiaren inpaktua, hondar berriaren konposizioa etab. neurtzen duen txostenik badagoen galdetzen genuen idatzian. Baita herriko talde ekologisten iritzia kontsultatu denentz.

Udal Gobernuaren erantzuna, beste behin, etsigarria izan da. Laburbilduz, eskuak garbitu ditu, esanez Costas-ek eta Foru Aldundiak bermeak eskaini dituztela, berme horiek zehaztu edo frogatu gabe, noski. Dokumentu, txosten edo hitzarmenik ez dute aurkeztu. Horrez gain, herriko taldeekin kontrastatutako erabakia dela ere esan du Udal Gobernuak, baina guk zalantza handiak dauzkagu, Arkamurka, esaterako, kexu agertu da publikoki haiekin kontatu ez dela salatuz.

Oraingoan ere, Bilduk uko egiten dio Gobernu gisa dituen ardurei. Erabakiak beste guztiei bizkarra emanda hartzen ditu, eta publikoki behar bezala arrazoitu gabe. Honela aritu izan dira legealdi osoan, hondakinekin, TAOrekin, biribilgunearekin eta beste hainbat neurrirekin. Harri berarekin tupust behin eta berriz. Espero dezagun hondar-isuriak ondorio larririk ez izatea, baina gure alderdiak garbi dauka: Zarautzek ezin du horrela jarraitu. Eta geroz eta herritar gehiagok ere gauza bera pentsatzen dutelakoan gaude.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *