ELKARREKIN ETA SENDO

Iñigo Urkullu lehendakaria zarauzko malekoian. 2014-02-03

Esan ohi da gaitz guztietatik atera daitekeela alderdi onik. Denboralak ondorio larriak utzi ditu Zarautzen, Gipuzkoako kostaldean, eta Euskal Herri osokoan ere. Kalteak zenbatzeko lanak bukatu ez diren honetan, oraindik ere erne eta alerta ibili beharko dugu, iragarpenak ez baitira onak: gaurko olatu gogorrak espero dira, eta ondorengo egunetan ere aurreikuspenak ez omen dira onegiak. Hemendik nire babes eta elkartasuna adierazi nahiko nieke kalteak sufritu dituzten guztiei. Ezbehar pertsonalik ez da izan, zorionez, baina materialak bai, asko eta larriak gainera. Igandean, malekoian ikusitakoa latza izan zen. Txikizio handia izan da eta ezin asmatu zer esan Edu edo Geronimori. Zenbatetan ez duten pairatu olatuen indarra…

Gertatu ez balitz hobe, jakina, baina bada hondamenditik irakaspen positiboak ateratzerik. Oro har, erakundeen eta gizarte zibilaren jarrera itsasaldiari aurre egiterakoan eredugarria izan dela esango nuke. Bi izan dira lan horren gakoak: prebentzioa, hau da, ezbeharrari aurre hartzea ahal den neurrian; eta, batez ere, elkarlana eta talde lana. Zarauzko Udaleko aurtengo aurrekontuen definizio fase honetan, lehentasunak olatuen indarrak jarri digu eta denon elkarlana ere beharrezkoa izango da.

Ikusi da prebisio goiztiarrak eta zuzenak edukitzea oso inportantea dela hondamendien ondorioak gutxitzeko. Protokoloak eta alertak ondo zehaztuta daudenean, eta guztiok arduraz jokatzen dugunean aurreikuspen horiekiko, denok irabazten dugu. Bestalde, azpimarratu nahiko nuke erakunde publikoek eman duten batasun irudia. Ez bakarrik irudia, lanean ere eskutik aritu izan dira, elkarren eskutik, eta gizarte eragile, herritar, bolondres eta bestelakoen eskutik. Denoi eragiten diguten arazoei denok egin behar diegu aurre, indarrak batuz, ahaleginak koordinatuz.

Ildo horretan, goraipatu nahiko nuke ere Udaltzaingoa, Gurutze Gorria, suhiltzaileak, Garbiketa Zerbitzuak, Babes Zibila, Udal Brigada, herritarrak eta boluntarioek egindako lana. Fin, zuzen, eta nekearentzako zirrikiturik utzi gabe.

Esan bezala, oraindik ere itsasoaren oldarraldiei aurre egiten jarraitu beharko omen dugu datozen orduotan, zoritxarrez. Baina iritsiko da barealdia, eta orduan ekaitzak iraun duen bitartean jarraitutako bideari segida eman beharko diogu. Hondamendiak utzitako irakaspenari heldu, eta elkarlanean aritu beharko dugu erakunde eta haerritarrok egoera lehenbailehen onera eramateko eta kalteak konpontzeko. Guzti honek islada eduki beharko du aurrekontu publikoetan: diru atalak gorde beharko dira, eta Gasteizera eta Madrilera joan beharko dugu babesa bermatzeko. Talde lanari eusten badiogu, dena izango da errazagoa, eta denok aterako gara irabazle.

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *