TAO, badago zer hobetu

Zarauzko TAO

Joan den astean gure alderdiak prentsa oharra kaleratu zuen Zarautzen TAOren kudeaketan izandako irregulartasun eta gorabeherak argitzeko eskatuz. Beti esan dugu TAOrena oso gai konplikatua eta delikatua dela, ikuspegi zabala, eta entzuteko eta akordioetara iristeko gaitasuna eskatzen duena. Konplexutasun horrekin, TAO behar bezala kudeatzea erronka handia da edozein alderdiarentzat. Erronka horri ezin zaio aurre egin aldarte inposatzaile batekin aurre. Gai korapilatsu honetan Bilduri gertatu zaiona paradigmatikoa da eta ezin hobetu islatzen ditu oro har kudeaketa politikoan izan dituen gabeziak. Hementxe batzuk:

KOHERENTZIA FALTA: Atzera askorik egin beharrik ez dago ezker abertzaleak urtetan zehar TAOren aurka izandako aurkako jarrera berreskuratzeko; helburua dirua biltzea besterik ez zuela, sistema ezeraginkorra zela… sekulako kritika egin zien Udalaren aurreko kudeatzaileei. “TAOrik ez” lelotik, ordea, TAO lehen aldiz herri osoan ezartzera igaro da oso denbora gutxian, erakundeetan ardura hartu orduko.  

AKORDIO POLITIKORIK EZ: Adostasun zabala eskatzen duen gai hau, gutxien-gutxieneko adostasunarekin atera zuen Bilduk aurrera. Alderdi guztiek aurka bozkatu zuten, PP izan ezik. Ppren abestentzioari esker berdinketa izan zen bozketa, eta berdinketa hori hausteko, alkatearen kalitatezko botoa erabili zuen. Ez da lehen aldia eta ez dirudi azkena izango denik. Jarrera inposatzailearen adibide garbia.  

PARTE-HARTZERIK EZ: Bildu harro azaldu zen OTA lantzeko auzoetako bizilagunekin egindako prozesu ‘parte-hartzaileaz’. Prozesu hori, ordea, informatiboa izan zen parte-hartzailea baino gehiago, eta gainera oposizioari bilera horietan parte hartzea debekatu zion Udal Gobernuak. Propaganda asko eta mami gutxi. Ondoren ikusi zen Bilduren benetako jarrera herritarren parte-hartzearekiko. Alegazioetarako garaia iritsi zenean, gehiengoei ezezkoa eman zien. Atea aurpegian itxi zien elkarte, sindikatu, langile eta alderdien ekarpenei.  

INPROBISAZIOA: Osagai horiekin, TAO berria hankamotz jaio zen eta ezarpena desastre hutsa izan zen: jende ilarak, funtzionatzen ez zuten makinak, seinalizazioa bukatu gabe, akatsak eskuorrietan, komunikazio txarra… TAO korrika eta presaka, eta behar adina babesik gabe inposatu nahi izanaren ondorio zuzena. Herritarren kexak nabarmenak izan ziren egun zalapartatsu horietan; hamaika idatzi jaso ziren Udaletxean eta komunikabideetan ere gutun eta artikulu ugari TAOren kudeaketa salatuz.  

IRREGULARTASUNAK: Herri-erreakzio horrek jarrera zuzentzera derrigortu zuen Bilduk Eta jarrera zuzentzerakoan ere, oker aritu zen. Hasteko, TAOren hasiera eguna atzeratu zuen ordenantza aldatu gabe. Hau da, Bilduk berak onartutako ordenantzari jaramonik ez. Handik aste batzuetara, eta TAO berria auzo eta jarduera askotan sortutako arazo larrien ondorioz, Bilduk hainbat aldaketa sartu zituen sistema berrian. Baina aldaketa horiek ez ziren Plenotik pasa, ez ziren ordenantzan jaso eta ez ziren BOGen publikatu. Komunikabideen bitartez baino ez ziren jakinarazi. Eta herritar askok, logikoa denez, ez zuten horien berri izan.  

NEURRI BIKOITZA: Hori gutxi balitz, oposizioko alderdiek proposatutako zenbait aldaketarik ezezkoa eman zien Udal Gobernuak. Argudioa? Ordenantza aldaezina zela eta ez zituela aldaketa horiek baimentzen. Haiei komeni zaienean baina bestela ez. Gazteleraz esaten dena: “Hacerse trampas al solitario”.  

ONDORIOAK: Horrenbestez, Udala, legeak eta ordenantzak betearazteko erantzule nagusia den horrek, Udalak berak onartutako legea ez du errespetatu. Eta formalki onartuta ez dagoen ordenantza baten arabera aritu da jokatzen eta isunak jartzen, horrek herritar askorengan ekarri dituen ondorioekin. Guzti hau oso larria iruditu zaigunez, Bozeramaileen Batzordearen bilera egitea, eta bertan TAOri buruzko datu guztiak aztertzea eskatu dugu, gertatutakoa argitzeko. Ikusiko dugu Udal Gobernuak gardentasunez jokatzeko ausardia erakusten duen. Alkatearekin telefonoz hitz egin dut eta aste honetarako gelditu naiz. Ikusiko dugu.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *