Zorte on !!

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea.

Aro politiko berri bati ematen diogu gaur. Astelehen batzuk gogorrak izaten dira, baina beste batzuk, aldiz, itxaropena islatzen dute, hasiera berri bat, eta hala dugu gaurkoa. Gaur ekin dio bere lehen lan asteari Lehendakari gisa Iñigo Urkulluk. Esku artean, erronka ederra zein gogorra: Euskadi alor politikotik aurrera eramatea. Lehendakari abertzalea dugu, eta hauteskundeak irabazi dituena, gainera. Beraz, bozkek ematen duten zilegitasuna izango du Urkulluk, aurreko legealdian Patxi Lopezek izan ez zuena. Baina ez da atzera begiratzeko garaia. Egia da 27 legebiltzarkideren babesarekin hasi duela bere bidea Urkulluk, eta gehiengo zabalagoak bilatu beharko dituela.

Hori izango da legealdi honetako erronketako bat: une zail eta gogor hauetan, ordezkari politikoek adostasunak eta akordioak lortzeko benetako borondatea erakustea eta herriaren mesedetan jokatzea, hori delako, aspaldian, herria eskatzen ari zaiguna. Garai berri hauetan elkarrizketak berebiziko garrantzia hartuko du, eta errespetuak, konpromisoak eta emandako hitzak ere balioa hartuko dute, edo hartu beharko lukete. Badirudi batzuk oraindik ez dutela ulertu; Urkulluren inbestidura ekitaldira joango ez zela iragarri zuen Laura Mintegik, eta baita hala egin ere. Ez da hasiera ona, eta erakusten du  oraindik ere demokraziaren arauetara egokitzeko aurrerapauso handiak falta zaizkiola. Baina batez ere, errespetu falta handia da Iñigo Urkullu hautagairik bozkatuena bihurtu duten milaka eta milaka herritarrekiko.

Krisi gogorra pairatzen ari gara. Begiak ireki eta kalea zapaldu besterik ez dago horretaz jabetzeko, eta hedabideen bitartez iristen zaigun datu eta estatistika saldari aurpegia eta begiak jartzeko. Udal zinegotzi lanetan gabiltzanok modu zuzenean izaten ari gara premia egoera horien berri. Argi dago herritarren beharrak asetzea eta aldi berean ekonomia piztea izango direla legealdiko helburu nagusiak. Azken horretarako, zein Arantza Tapia baino hobeto. Emakume langilea, prestatuta, kudeaketa politikoan zein enpresan eskarmentua duena. Berarekin lan egin dugunok ondotxo dakigu.

Lehentasunak ondo markatu beharko dira datozen lau urteetan, derrigorrezko zorroztasun horretan, ongizate estatua bermatu ahal izateko. Zorterik onena opa diot EAJ-PNV lan talde berriari.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *