Urkullu lehendakari

Iñigo Urkullu Zarauzko malekoian.

Afiliatuok badakigu honezkero zein izango den EBBk herrietako batzarrei proposatuko dien hautagaia, lurralde bakoitzeko hautagaiekin batera, datozen urteetan Euskadi aurrera eramaten laguntzeko lan talderik onena izate aldera. Orain afiliatuoi dagokigu, tokian tokiko batzarretan, hautagairik onenari eta bere legebiltzarkide taldeari babesa eta indarra ematea.

Bere aberriarekin konprometitutako abertzalea da Iñigo Urkullu. Ondo prestatutako gizasemea, arrunt langilea. Duela lau urteko Batzar Nagusian  hura alderdiko lehendakari izendatzea egokitu zitzaidan. Ordutik hona, hainbatetan hitz egin ahal izan dut berarekin, eta beti iruditu zait pertsona adeitsua, gertukoa eta zorrotza aldi berean. Hedabideek hari buruz diote gaur tinko egiten duela lan, eta egia da. Euskadik halako pertsonak behar ditu, taldea egiteko eta lanerako gaitasuna dutenak, are gehiago dugun krisialdiarekin, eta PP-PSOE fronteak lau urte hauetan egindako hondamendiarekin. Herri honek ez du Teleberri- edo Vanity Fair-en agertzeko edozer gauza esan eta egiteko prest dagoen lehendakari frikirik. Lidergoa egun lana eta lan taldea da.   

Sentsibilitate ezberdinak batzen eta alderdiko buru izaten jakin izan du Iñigo Urkulluk. Orain, afiliatuok, konpromiso berri bat eskatzen diogu: Euskadiren buru izatea, herri oparoagoa egitea, ekonomikoki eta sozialki, eta batez ere, Europa barruan herri libreagoa eraikitzea. Zorte on Iñigo!

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *