ORAINA GEUREA DA

Urte asko behar izan dira, baina azkenean argitu du egunak gure herrian. Eguzki betea dugu zeruan, eta luzaroan espero dugun albistea hango eta hemengo egunkari, irrati eta telebistetan. Pozik egoteko eguna da gaurkoa. Esnatu gara, eta gure buruari esan diogu aurrerantzean ez dugula ETAren indarkeriarik izango. Ez dugula izango ez bonba-autorik, ez tirorik, ez mehatxurik, ez xantaiarik, ez estortsiorik. Zama itzela kendu du Euskadik gainetik.

Gure lehen pentsamendua ETAren jardun krudela zuzenean pairatu behar izan dutenentzat doa. Biktimentzat. Horietako asko ez dira itzuliko. Beste batzuk bizitza osorako markatuta gelditu dira. Nahiko genuke sortutako minak atzera buelta edukitzea, baina ez dauka. Nahiko genuke ere atzoko albistea lehenago, askoz ere lehenago iritsi izan balitz, baina galdutako denborak ere ez dira itzuliko.

Iraganak ihes egin du eta datorrena ez dago, baina oraina geurea da. Hala dio esamolde batek. Gertatu dena ahaztu gabe, bide luzea dugu aurretik. Zauri guztiak ixtea, berradiskidetzea eta benetako bake giroa finkatzea ez da berehalako kontua izango, egunero eraiki beharrekoa baizik, denon artean. Itxaropenaren ateak zabal-zabalik dauzkagu. Geure esku dago. Akordioa, elkarrizketa, elkar-ulermena… horiek izango dira aurrerantzean gure ardatzak.

Indarkeriaren agurra euskal gizartearen garaipena da. Izan ere, euskal herritarren gehiengoa da, bere borondate irmoarekin, ETAri biolentziak etorkizunik ez duela, eta ezker abertzaleari bide baketsuen alde egin behar duela azaldu diona. Euskal herritarren nahia, askatasun eta bake irrika nagusitu da. Baina ezin ahaztu ere atzoko albistea posible egin dutenen ekarpena. Alde batean zein bestean, bakearen alde jardun duten eragileak, isilean, fedea galdu gabe, askotan bere posizioak arriskuan jarriz. Arriskatu gabe ez baitago lorpenik.

Euzko Buru Batzarreko lehendakari Iñigo Urkulluri maileguan hartuko diot atzoko bere formulazioa, bete-betean asmatu baitzuen: Orain hasiko da Askatasuna ta Euskadiren aldia. Lortu dugu!

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *