Urteroko mitina

Zarautz. EAJ-PNVko mitina. Lege Zahar Enparantza. 2011-09-26

Urte asko pasa dira Zarauzko EAJ-PNVko zenbait emakumek, Xabier Arzalluzen laguntzarekin, uda bukaeran lehen aldiz ekitaldia antolatu zutenetik. Zatiketaren garai gogorrak ziren, 80ko hamarkadan. Denborarekin, alderdikide batzuen kemenak sortutako ekitaldi horrek indarra hartu zuen, eta ofizializatu ere egin zen. Gaur egun, Zarauzko ekitaldia, eta ondorengo afaria, klasiko bihurtu zaigu. Alderdikideak agurtzeko eta harremanak sendotzeko aukera polita da. Ez hori bakarrik; askorentzat, urte politikoaren hasieraren adierazle ere bada Zarauzko mitina.

Joan den ostiralean ospatu genuen ekitaldia, eta bertan, Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakari Joakin Landaren ahotik, esker ona adierazi genien konfiantza jarri duten zarauztar guztiei. Gero eta lagun gehiago gara alderdi barruan eta gero eta babes handiagoa dugu herrian, azken hauteskundeetan ikusi ahal izan genuen moduan. Aurreko legealdiko alderdiak kontuan hartuta, EAJ-PNV izan zen gora egin zuen bakarra. Duela lau urte baino 800 boto gehiago lortu genituen, eta ordezkapen handiagoa ere badugu, sei zinegotzi baikara, joan den legealdian baino bat gehiago.

Horrekin batera, konpromiso sendo bat azaldu genuen: orain arte bezala egingo dugu lan zarauztarren alde. Herriak dituen arazoei eta erronkei erantzuteko, bere interesak defenditzeko, eta proiektu estrategikoak aurrera eramateko. Interes horiek hemen defendituko ditugu, baina baita beste erakunde guztietan ere, beti egin izan dugun bezala. Are gehiago, herritarrek eman diguten babes handia bultzada izango da guretzat, lehen baino ilusio eta gogo handiagoarekin lan egiteko.

EAJ-PNVk ondo definitutako egitasmoa dauka herri honentzat, eta baita jende kualifikatua egitasmo hori aurrera ateratzeko ere. Autokritika egin behar da beti, baina gauza bat argi dago. Une honetan gure alderdia da ondorengo baldintzak betetzen dituena: behar bezala zehaztutako programa eta bide orria, eta esperientzia kudeaketan. Horregatik gara erreferentzia. Zerbait egin dugu ondo, ia beti besteen ahotan egoten garenean.

 

Udaletxean aldaketa izan da Zarautzen. Hasierako harremanetan, gure borondate ona erakutsi genien gobernu berriko Bilduko kideei elkarlanean aritzeko, herriaren mesedetan. Erantzuna ez da guk espero genuena izan, baina zarauztarrei gure hitza ematen diegu: proiektu bat, eta proiektu horretan sinesten duten pertsonak, ez dira desagertzen oposizioan egoteagatik. Badakigu herritar asko daudela EAJ-PNVri begira, hartuko ditugun erabakietan itxaropen handia dutenak. Beraz, ardura handia dugu.

Interesgarriak:

1 comment

  1. Urteroko mitina…. baina jada ez da gauza bera. Argazki hori ikusi, Urkullu eserita, eta nahitaezkoa da Arzalluz gogora ekartzea.
    80 hamarkadakoak garai gogorrak baziren, esango nuke oraingoak askoz ere tristeagoak direla PNVrentatzat.
    Arzalluzek mitin horretan jartzen zuen kemena eta indarra ez da beharbada munduko gauzarik garrantzizkoena izango, baina burura ekartzen digu PNVk galdu duen indarra, ilusioa eta aldaketarako grina.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *