Auzoetako etorkizuna

Zarauzko hautagaiak Joseba Egibarrekin.

EAJ-PNVrentzat auzoak sekulako garrantzia dute Zarautzen. Oso dinamika aberatsa dute eta bizitza propioa dute. Horregatik, duela lau urteko programan, parte-hartze eta auzoen departamentua sortzea proposatu genuen. Guretzat ezinbestekoa da herri orekatua edukitzea, eta horretarako ezinbestekoa da azpiegitura eta zerbitzu arloan ere auzoei merezi duten arreta ematea.

Lehenik eta behin, uste dugu auzoen parte-hartzea ez dela behar bezala artikulatu Udalean legealdi honetan. Gure programan azaltzen dugun moduan, Zarauzko Kontseilu Soziala eratzea proposatzen dugu, herriko 40-50 pertsonen parte-hartzearekin, herriaren egoera aztertzeko. Uste dugu auzoek ordezkapen egokia eduki behar dutela erakunde berri horretan, eta hala bermatuko dugu, gobernua gure esku badago.

Azpiegituren arloan, Itxasmendik transformazio handiena jasango duen auzoa da. Izan ere, hemen egingo dugu Iritako enpresagune berria. 71.000 metro karratu izango dituen parkea. Esleitzeko prest dago eta guretzat funtsezko proiektua da, herrian lanpostuak sortzeko, aberastasuna sortzeko, eta Zarautzen ekonomia orekatzeko. Zarautz ezin da ciudad dormitorio izan. Hemen bizi eta lan egiteko aukerak handitu nahi ditugu. Iritak ekarriko duen eraldaketara egokitzea izango da Itxasmendiren erronka, bere nortasun propioa mantenduta.

Azken Porturi buruz hitz egin nahi dugu ere. Izan ere, Azken Portu Goian bi ekintza nagusi proposatzen ditu EAJ-PNVk. Salbiderekin lotura egingo dituen igogailua jartzea, irisgarritasuna hobetuz, eta Lanpardo kalean babesa izango duten 60 etxebizitza eraiki.

Vista Alegren, azkenik, ondoko konpromisoak hartzen ditugu: bizilagun elkarteak mugikortasuna hobetzeko duela gutxi egin dizkigun eskaerak aztertu; eskailera mekanikoen beharra eta bideragarritasuna aztertu; eta kirol instalazioen arloan, kirol pista hobetu, eta bere kasuan estali.

Ezin dugu ahaztu ere TAO sistemari buruz hausnarketa eta azterketa sakona egin behar dela, inplikatutako auzoetako bizilagunekin elkarlanean. Halaber, legealdi hasieran, auzo bakoitzean dauden beharrei buruzko informazioa bildu, eta aurre nola egin aztertuko dugu.

Dagoeneko aipatu dugu proiektu estrategikoren bat, Irita, adibidez, eta proiektu horiei buruz gure asmoak azaldu nahi ditut labur labur. Legealdi honen erronka nagusia ez da izango proiektu berri ugari egitea, baizik eta diseinatuta dauzkagunak aurrera ateratzea: bai ekonomia, bai etxebizitza, bai mugikortasuna eta bai mota guztietako azpiegituren arloetan, besteak beste: kultura, kirola… Izan ere, egoera ekonomikoak nabarmen baldintzatzen du Udalaren jarduna. Gastu korrontea murriztu, eta aldi berean inbertsioa indartzeko formulak bilatu beharko dira.

Zarautzek behar bezala diseinatuta dauzka bere etorkizunaren oinarriak, eta proiektu horiei bultzada eta argi berdea emateko garaia da orain. Horretarako alderdi sendo batean oinarritutako gobernu sendoa behar da, lidergo gaitasuna duena, eta azken lau urte hauetan faltan bota dugu hori. Era berean, beste erakundeekin elkarlana sustatzea derrigorrezkoa da.

Lehentasunak finkatu, eta erakundeetan mugitzen dakien alkatea behar du Zarautzek. Proiektu nagusien egutegiak eta aurrekontuak finkatu, eta prozedurak, tramiteak eta obrak arintzeko eginahalak egin behar dira, herriak aurrera egin dezan. Ekonomian Errotaberri eta Irita dauzkagu; etxebizitzan Salberdin da gakoa (1095 etxebizitza), eta Aldapeta laster izango da errealitatea (60). Ezin dugu ahaztu azken datuen arabera 1.500 zarauztar inguru dauzkagula Etxebideko zerrendetan izena emanda, erantzun baten zain.

Baina guzti horrekin batera, ekintza apalagoen eta detaileen garrantzia ere aldarrikatu nahi ditugu, hori baita udal politikaren mamietako bat: gertutasuna. Herritarrei bizimodua erraztea, eta sortzen diren arazo eta behar txikiei, edo ez hain txikiei, erantzuna ematea, haiekin elkarlanean. Ildo horretan, badauzkagu beste hainbat proposamen: haurren parkeak estaltzea, markesinen beharra ikusi eta asetzea, edota beilatoki edota tanatorio berria martxan jartzeko lanak hasi, besteak beste.

Bi hitzetan: jakin eta egin.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *