Lizardi Arrate Egañarentzat

Lisardi Saria. Sanz Enea Udal Liburutegia. 2011-04-14

Arrate Egañak (Errenteria, 1963) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXIX. edizioa. Idazle errenteriarrak Giltza lanarekin lortu du saria. Hamaika lan aurkeztu dira 2010eko sariketara, eta Egañarena aukeratu du Jesus Mª Olaizola Txilikuk, Miren Agur Meabek, Iñaki Frierak eta Castillo Suarezek (iazko lehiaketako irabazleak) osatutako epaimahaiak.

3.700 euro jasoko ditu sari gisa, eta ohi bezala, lanaren 2.500 ale argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak, herriko ikastola eta ikastetxeetan banatzeko. Zarautz euskara eta literatura maite dituen herria da. Idazle handiak eduki izan ditugu eta dauzkagu herrian, eta baita ospe handiko sariak ere, helduentzat zein gaztetxoentzat. Izan ere, aberasgarria da gazteenek ere lekukoa hartzea. Lizardi Sariaren kasuan, azken urteetan egoera ekonomikoak okerrera egin arren, sariaren kopurua mantentzearen aldeko apustua egin nahi izan dugu. Eskertzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren kolaborazioa, ildo horretan.Era berean, sariak euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa azpimarratu beharra dago.  Irabazleen artean denetarik dugu: euskal idazle ezagunak dira batzuk, eta ez hain ezagunak besteak; baina azken urteetan aurkeztutako lanen maila orokorrean oso altua izan da. Horren froga da, esaterako, 2007an irabazle izan zen Ruben Ruizi literaturako Euskadi Saria eman ziotela ondoren, Zarautzen aurkeztutako ‘Anekdotak’ lanarekin. Eta espero dugu Egañaren lanak ere ibilbide oparoa edukitzea eta irakurzaletasuna pizteko balio izatea; lehen ere badu horretan esperientzia Arrate Egañak: ez baititu alferrik beste 5 literatur sari eskuratuta beste zenbait lanekin.

Lizardi Saria haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan izen eta garrantzi handienetakoa duen saria da. Lehiaketa honek duen ospea azpimarratzeko, ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda, besteak beste: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal, Xabier Mendiguren Elizegi, Ruben Ruiz, Castillo Suarez… Datorren urtean 30. urteurrena ospatuko du sariak.

 Arrate Egaña (Errenteria, 1963).

Errenterian jaio zen 1963. urtean, baina Bermeon bizi da. Filologia Hispanikoan lizentziatua da eta irakasle izan da Gipuzkoako zein Bizkaiko institutuetan. Ondoren, CEI-IDCn egin zuen lan eta egun ISEIn (Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundean) dabil, hizkuntzen teknikari gisa.

Irakurzaletasunari buruzko zenbait ikastaro jaso eta eman ditu, eta EITBk antolatutako gidoigintzari buruzko masterra du (Gidoi Faktoria, 2010). .

Umeentzat eta gazteentzat argitaratu du gehienbat, baina helduentzako ipuinak ere baditu.

Hona berak idatzitako zenbait liburu: Angelitos negros (1992), Printzesa puzkertia (1999), Mari (2000), Eskolan (2000), Protesia (2000), Benetako pirata, (2001), Maritxu, (2001), Neguko udareak (2002), Logurepeko munstroak (2003), Oneka (2004), Txinparta 1 (Irakurgaiak), (2004), Txinparta 2 (Irakurgaiak) (2004), Kixmi elurpean (2005), Txita more txikia (2007), Hizkuntza sekretuak (2008), Izebak (2008), Ni naizen guztia (2009), Gabe gabe (2010).

Era berean, zenbait literatur sari ere lortu ditu: Atenea Saria Angelitos negros-ekin Salamancan, Donostia Hiria Saria La visita lanarekin,  Bapore saria Printzesa puzkertia lanarekin, Bermeoko Erroxape elkartearen saria 3. Katea lanarekin eta Bilboko Udalak Emakumearen Zerbitzutik antolatutako saria Neguko udareak lanarekin.

Zorionak Arrate. !!!!

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *