Gaur, bakea gertuago.

Joseba Arregi eta Josu Puelles gaur Teleberriko tertulianoak. ETAren su etena baloratzen. 2011-01-10

Hemen da. Espero genuena baino askoz ere beranduago, baina iritsi da ETAren agiria, “su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra” adieraziz. Galdera ikur asko jarri behar zaizkio terminologia horri: nork eta nola egiaztatuko du?. Iraunkorra bai, baina baldintzarik gabekoa ?. Trukean ezer jaso behar ez duela konbentzituta eman du pausoa ETAk, ala balizko prozesu baten ‘jagole’ lanak egiten jarraituko du? Eta zer esan nahi du orokorra? Indarkeria mota guztiak bertan behera uzteko prest dagoela, xantaia eta estortsioa barne? Bere azpiegitura armatua indartzeari uko egingo diola?.

Agiriak ez du zerikusirik ETAren aurrekoekin. Askoz ere laburragoa eta eskematikoagoa da. Argilunak daude edukian. Hala eta guztiz ere, berri ona dela, eta, zuhurtziaren barruan, pozik egoteko eguna dela uste dut. Badirudi Bruselako adierazpenaren printzipioak bere egin dituela ETAk. Hori zen hainbat eragilek eskatzen ziotena, eta berandu bada ere, jarri ditu kartak mahai gainean. Jakina ez dela gehienok espero genuen albistea, ETA desagertzea, alegia. Baina utopia hutsa da egun batetik bestera ETAk pertsiana ixtea, eta hamarkadak iraun dituen proiektu ilunaren porrota publikoki onartzea.

Emandako pausoa nahikoa ez bada ere, badirudi prozesu berri baten hasieran gaudela. Denborak esango du prozesu horrek behin-betiko bakerantz eta normalizazio politikorantz eramaten gaituen. Tamalez bere ekintzekin euskal politikan eragin handiegia izan badu ere, ETA ez da sekulan eragile politikoa izan. Eta ez luke izan behar aurrerantzean ere. Baina ETA, eta ETAk sortzen duen sufrimendua desagertuta, normalizazio politikoari heldu beharko zaio derrigorrean, nahiz eta askori egoera horrek beldurra ematen dien.

Izango da betarik datozen egunetan agiriak ekarri duen erreakzio-olatua aztertzeko, baina arreta eman didate horietako asko. Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusia eta Guardia Zibila eta Polizia Nazionala dira azkarren hitz egin dutenetako batzuk. Diagnostikoan ere ados daude: nahikoa ez dela, eta ez dagoela berritasunik: “ETAk hauteskundeetara aurkeztu nahi du”, esan dute. Gero entzun beharko dugu justizia politizatuta ez dagoela Espainian. Itxuraz, segurtasun indarrak ere ez dira libratzen gaitz honetaz.

Aho bete hortz gelditu naiz ere, gaur arratsaldeko Teleberriko platoan Joseba Arregi ikusterakoan, EITBko analista politiko gisa. Guztiona beharko lukeen telebista publikoan, gaurko egunean, balorazioa egiteko horrelako pertson(aje)a eramateak askok bagenekiena frogatzen du: iparra zeharo galdu dutela ETBko zuzendaritza. Gaueko edizioan berriz, Puelles jauna izan da. Eguerdiko hausnarketa borobildu egin du. Non dira Gesto por la paz erakundeko kideak, o Paul Rios jauna ?. NS/NC.

P.D. 1: Autokritika pixka bat: gaurko erreakzioetan argi eta garbi ikusi da errazegi hitz egiten dugula politikoak euskal gizartearen izenean, gizarteak zer nahi duen eta zer behar duen jakingo bagenu bezala, gure buruari daukaguna baino askoz ere ordezkaritza zabalagoa oparituz. ‘Euskal gizarteak’ esamolde hori gehiegitxo erabiltzen da.

P.D. 2: Alexandre Dumasen (aitak) esaldi bat: “Itxaropena da ezagutzen dudan medikurik onena”. Dumas zalea omen da Joseba Arregi?.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *