Pastorren salaketak

Jose Antonio Pastor

 

PSE-EEko bozeramale Jose Antonio Pastorrek egindako adierazpenen berri izan nuen atzo. Laburpen edo lerroburu gisa balio du honakoak: «EAJko inputatuak PSEkoak balira, militantziatik kanpo egongo ziren honezkero alderdiko zuzendaritzaren erabakiz». Bere alderdikideekin, ordea, horren zorrotz ez du jokatzen Pastorrek. Ahaztu egiten ditu PSOEk Espainian irekita dituen kasuak: 264, guztira, ikerketa-eginbideak eta prozedura judizialak batuta.  264 auzi penal.  

 

   

Emakume eta gizonek osatzen dituzte alderdiek. Baita EAJ-PNV ere. Hori dela-eta, gu ere ez gaude politikan dauden gaitzetatik salbu. Gurean ere egon daitezke jokabide zuzena ez duten alderdikideak, erakunde eta giza-talde guztietan bezala. Araban irten diren ustezko ustelkeri kasuez ari naiz. Gauzak epaitegietan argitu beharko dira, eta seguru nago alderdiko buruek irmotasunez jokatuko dutela eta erantzukizunak eskatuko dituztela,  deliturik izan dela frogatzen baldin bada. Baina inondik inora ez dugu onartuko PSOE bezalako alderdi batek bazterrak nahastu nahi izatea, azken hilabeteetan zenbait komunikabideetan argitaratzen ari den filtrazio andanari etekina atera nahi izatea, eta purutasun lezioak ematea.   

Aipatutako salbuespenak salbuespen, 100 urtetik gorako historian ospe bat irabazi du EAJ-PNVk. Beste batzuk ezin dute gauza bera esan. Marka da gero Flick, Filesa, Cesid, ‘Fondos Reservados’, GAL eta beste hainbat atal ilun pilatu dituen alderdiak orain hain oportunismo zekena erakustea. Marka da, Vera eta Barrionuevori kartzelan harrera egin zien Patxi Lopezen  bozeramaleak halakoekin ateratzea. Ulertzen dugu Lehendakariaren kudeaketa eskasa nola edo hala ezkutatu nahi izatea, baina inor gutxi engainatuko dute horrela.   

Konbentzituta nago, alderdi gisa, egin beharrekoa egingo dugula Arabako afera honetan. Inoren presioaren beharrik gabe. Konbentzimenduz.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *