Olinpiar agurrean ere garaile

murua

Bihar harrera egingo diegu Aldundian Rioko Jokoetan parte hartu duten Gipuzkoako kirolariei. Beste behin, ordezkaritza aparta eduki du gure Lurraldeak. 15 kirolarik parte hartu zuten Brasilen, uzta polita ekarri zutenak: urrezko domina Maialen Chourrautek, eta brontzezkoa Amador Granadosek. Gehi bost olinpiar diploma, Ander Elosegik, Iñigo Peñak, Nely Carlak, Amaia Erbinak eta Ion Izagirrek eskuratutakoak. Zorionak denei!

Lerro hauetan, ordea, saririk erdietsi ez zuenetako bati erreparatu nahi diot: Ainhoa Muruari. Sari materialaz ari naiz, izan ere, irakaspen eder eta gogoangarria utzi zigun nire herrikideak Rion. Ezker oina minbera zuela atera zen lehiatzera triatloian, eta baita igeriketako eta txirrindularitzako zatia bete ere. Minaren minez, ordea, malko artean utzi behar izan zuen proba.

Bihar izango dugu elkar agurtzeko aukera, Ainhoa, baina lerro hauek eskaini nahi dizkizut omenaldi apal gisa. Izan ere, duen guztia ematen duenak, ametsak egi bihurtzeko gorputz eta arima aritzen denak, ez du sekulan porrot egiten. Zure laugarren Jokoak ziren Riokoak. Banakako kiroletan, hori lortu duen emakumezko kirolari bakarra zara Gipuzkoan. Ibilbide horri ohore egin zenion, zure agurrean ere eredu emanez.

Dominik ez zenuen lortu, baina bai gipuzkoar guztion miresmena –askorena bazenuen- eta zure gertukoen kariñoa: ikusi besterik ez dago omenaldira gerturatu zen jendetza, eta telebistaz lasterketa jarraitzeko antolatutako bazkari ederra.

Aski ezaguna da Ainhoaren garaipen zerrenda bikaina, beraz, ez naiz horrekin luzatuko. Azpimarratzekoa da bere umiltasuna, duen lotsati puntua, nolabaiteko ahultasun itxura ematen diona. Ezin, ordea, itxuraz fio, erakutsi baitu altzairuzkoa dela. Oinarrizko kirolean eta herrigintzan egin duen lana ere aipatu behar. Apala, langilea, euskalduna eta kirol zalea, zarauztar nortasunaren erakusgarri ere badugu. Egiten duen kirola bezalaxe, triatloia lurra-mendia eta itsasoa baita, Zarautzen antzera.

Banakako kirolean aritu arren, kirolean zein bizitzan, talde lanaren garrantzia azpimarratu du beti Ainhoak. Gertukoak izan ditu makulu, euskarri, arnas. Lagunak, bikotekide eta entrenatzailea, eta gurasoak –ondo ezagutzen ditudanak eta herrian erreferente direnak-.

Plazerra izango da zu agurtzea, Ainhoa. Bejondeizula!

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *