Aspaldi gaude zain

Imagen blog

Asteartero egin ohi dugun prentsaurrekoan, Aldundiaren azken erabakiak azaltzeaz gain, egunerokotasunari lotutako galderak erantzun ohi ditut. Herenegun, jakina, Espainiar Kongresurako eta Senaturako hatuteskundeen emaitzak ziren interes iturri nagusietako bat. Atxikita doan bideoan ikus dezakezue emaitzen inguruan egin nuen balorazioa, 20. Minututik aurrera.

Gipuzkoa eta Euskadirentzat, beharrezkoa da behingoz lanean jarriko den gobernu egonkorra egotea Madrilen. Azken legealdia ez da batere positiboa izan. Ezta legealdia luzatu zuen impasse aldia ere, hauteskundeen errepikapenarekin. Aurrera begira, bide bakarra dago: elkarrizketarena. Akordioa eta adostasunarena. Hauteskundeen ondoko mapak argi erakusten du bukatu egin dela harrokerien, gehiengo absolutuen eta arrabolen garaia.

Emaitzek arnasa eman diote PP eta Mariano Raxoiri. Baina oker handia egingo lukete, pentsatuz gero orain arte bezala jokatzen jarraitu ahal izango dutela. Hain egoera politiko konplexua kudeatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da inposaketa alde batera utzi eta akordioan oinarritutako gobernu eredu baterantz egitea.

Eta hor, noski, euskal agenda sartzen da. Orain arte atea muturrean itxi izan dio Raxoik Euskadiri. Entzungor egin die gure herriaren eskakizunei, eta beharrei. Baina horrek ere bukatu behar du.  Espainiako etorkizuneko gobernuak erantzuna eman beharko die derrigorrean konpondu gabe dauden hainbat gairi. Kupoaren eguneratu beharko da. Kontzertu Ekonomikoa behingoz blindatzeko neurri serioak hartu  -Auzitegi Konstituzionalaren epaia, albiste ona izanda ere, ez da berme nahikoa-. Gure autogobernua, eta autogobernu honetatik eratorritako erabaki propioak errespetatu; Batzar Nagusietan onartutako foru arauak, esaterako.

Onartezinak dira, besteak beste,  lan eskaintza publikoen edo euskal heziketa kurrikulumaren aurka jarritako helegiteak. Edo gure ikurren aurkakoak. Badu garaia Madrilek etengabeko eraso horiek alde batera uzteko.

Ahaztu gabe, adibidez, eskumenen transferentziak, edo gure ekonomiak behar dituen erreformak. Ikusi besterik ez dago gure enpresen lehiakortasunari energia fakturaren igoerak egiten dien kaltea. Edo, politika sozialetan, Mendekotasun Legea, Aldundiak %100ean betetzen duena, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz. Madrilek, aldiz, ez du betetzen bere legea, eta ez ditu jartzen besteok betetzeko jarri beharreko baliabideak ere. Edo, nola ez, garraio azpiegiturak.

Elkarbizitza eta bakea finkatzeko ere, badago zer egina. Badaude eman beharreko pausoak. Ezinbestekoa da bestelako espetxe politika egitea, Batzar Nagusietan onartu izan den bezala.

Adibide batzuk baino ez dira. Etxeko lan ugari, beraz. Hauteskunde ondoko ajea atzean utzi, eta lehenbailehen hasi daitezela lanean. Euskadi aspaldian dago zain.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *